Benito Ansola Sarian parte hartzeko epea oraindik zabalik

Urriaren 16ra arte egongo da proiektuak aurkezteko epea zabalik.

Hemezortzi eta hogeita hamasei urte bitarteko gazteek hartu dezakete parte.

Euskal kultura zabaldu eta ikus-entzunezkoen ekoizle gazteei laguntza ematea du helburu Topaguneak.

Irabazleak ikus-entzunezko lan bat ekoizteko 3.000 euroko saria jasoko du.

 

BILBO, 2015/09/22.- Deialdian parte hartu nahi duten gazteek, ikus-entzunezko lanak (fikzio, sorkuntza, animazio nahiz dokumentalak) egiteko proiektuak aurkeztu behar dituzte 2015eko urriaren 16a baino lehen. Euskararen presentzia ezinbestekoa izango da. Benito Ansola Sarien oinarriak honekin batera doan dokumentuan erantsi dizkizuegu

Hiru urteko etenaren ondoren, Euskaltzaleen Topaguneak, Lekeitioko Udalak eta Euskal Zine Bilerak Benito Ansola Saria jarri dute martxan, EHUko Mikel Laboa katedraren babesarekin, eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren laguntzarekin.

Lehiaketaren helburua da euskal kultura zabaldu eta ikus-entzunezkoen ekoizle gazteei laguntza ematea. Horretarako, ikus-entzunezko proiektu bat ekoizteko 3.000 euroko saria jasoko du irabazleak.

Saritutako proiektuaren izena 2015eko Lekeitioko Euskal Zine Bilerako itxiera ekitaldian jakinaraziko da. Irabazleek, izendapena jaso eta 2016ko irailaren 16ra bitarteko epea izango dute ikus-entzunezkoa bukatzeko.

2012ko Benito Ansola saria, Maria Elorzak (Donostia, 1988), Maider Fernandezek (Donostia, 1988) eta Aitor Gametxok (Lekeitio, 1989) lortu zuten saria, “Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa” proiektuarekin.

Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa”, nolabait poetikoak diren euskarazko hainbat esamolderen hiztegi edo bilduma osatzen duen film laburra da. Honen bidez, galtzen ari diren hizkerak jaso nahi dituzte sortzaileek, eta aldi berean, Euskal Herriko erretratu liriko bat egin.

 

2013ko Euskal Zine Bileran estreinatu zen, eta ordutik hainbat sari jaso ditu han eta hemen. Proiektua gainera, ez zuten ikus-entzunezkoarekin amaitutzat eman, aurrera jarraitzen dute ideiak garatuz.

Benito Ansola Lekeition jaio zen 1928an. Humanitateak, Filosofia eta Teologia ikasi zituen Bergaran eta Gasteizen. Lekeitioko parrokoa izan da 24 urtez, euskal zinema bete-betean bultzatu du, eta zinegintza irakaslea izan da Markinako Lanbide Eskolan. 1978an, Euskal Zinema Bilera antolatzen hasi zen Lekeition, ikasle ohi batzuekin.

Informazio gehiago behar izanez gero, leire@topagunea.org helbidera idatzi dezakezue, edo 674.345.756 telefono zenbakira deitu.