Zer da Auzoko?

Euskal Herrian hizkuntza aniztasun errealitate baten aurrean gaude. Bestalde, herritarrok, hizkuntza behar dugu elkarren artean komunikatzeko, jendartea osatzeko. Zeregin horretarako gure proposamena, euskara kohesio eta komunikazio hizkuntza gisa erdigunean jartzea da.

Gure herrietako errealitate kultur anitza eta eleanitza ezagutu eta berdintasunean oinarritutako elkarbizitza eraikitzeko eta guztion arteko komunikazioa euskaraz jorratzeko egitasmo horizontal eta parte-hartzailea dugu.

Herritar orok hartu dezake parte bertan, euskaraz dakienak auzotar moduan eta ez dakienak auzokide gisa. Bigarren hauek hizkuntzarako ibilibidea lehenengoen eskutik egitean dago gakoa. Bi profil hauek hala ere mugikorrak dira, dinamikoak, likidoak. Euskaraz ez dakien auzokideak lehen ezagutzak barneratu orduko, auzotar profila bete dezake lagun-taldera datorren berriarekin. Biak dira beharrezkoak egitasmoak osotasuna izan dezan.