Ibilbidea

2008an Topaguneak eta UEMAk genuen kezka bati erantzun nahian, herri euskaldunetara zetozen etorri berriei hizkuntza harrera egiteko programa bat diseinatzea erabaki genuen. 2009rako txosten batera eraman genuen diseinua eta urte bereko udazkenean lagun taldeen dinamikak frogatzeko 4 herritan hasi ginen lanean, lan boluntarioa oinarri nagusi izanda. Esperientzia honek lagun taldeen baliagarritasuna erakutsi zigun.

2010eko udazkenetik, hainbat erakunderen sostenguari esker, Auzokon lan trinkoagoa egiteko aukera izaten ari gara, herri gehiagotan martxan jartzeaz gain, sentsibilizazio eta gizarteratze lana indartuta.

2013. urtea egitasmoaren sendotze urtea izan zen. Aurrez egitasmoa martxan zuten herriek proiektuarekiko apustua egiten jarraitu zuten eta herri berriak batu ziren. Auzoko 7 herritan gauzatuz bukatu genuen urtea: Donostia, Bergara, Aretxabaleta, Azkoitia, Eskoriatza, Oñati eta Agurain. Azken honetan izan ezik, beste herri guztietan 2014ean egitasmoari jarraipena emateko konpromisoa hartu zen eta bi herri berri batu ziren, Arrasate eta Antzuola. Geroztik egitasmoan parte hartzen duten herrien kopuruak igotzen jarraitu du eta asko dira auzotar nahiz auzokide moduan jardun duten herritarrak. 

Diskurtsoaren lanketari eta herritarren sentsibilizazioan jorratu beharreko bideei lehentasuna eman diegu Euskaltzaleen Topagunetik. Gero eta gehiago dira aniztasunaren kudeaketaz hausnarketa egiten ari diren erakunde zein eragileak eta, guk ere, euskara ardatz hartuta horietan gure ekarpena egiten jarraitzen dugu. Herrietan lagun taldeak eratu eta elikatzearen helburua mantenduz, diskurtsoan eta herritarren sentsibilizazioan egin beharreko lanak lehentasunezkoa izaten jarraitzen du.