Auzoko jaiaren egitarau anitza prest!

Larunbat honetan Soraluzen ospatuko dugun Auzoko Jaiaren egitaraua prest dugu. Egun oparoa eta anitza dugu aurrean, adin, genero eta jatorri desberdinetako lagunak elkartuko gara Plaza Barrixan, eta denok izango dugu gauza bera komunean: euskara eta aniztasuna ospatzeko ilusioa! 

Abestiak, jolasak, janaria, dantzak… Zatoz zu ere eta animatu ingurukoak, ederki pasako dugu eta!

5. Auzoko Jaia maiatzaren 5ean, aurten Soraluzen!

Bosgarrenez antolatuko dugu Auzoko jaia, aurtengoa Soraluzen. Auzoko egitasmoa martxan dugun herri guztietako parte-hartzaileok urte osoan egindako lanaren erakusleiho gisara baliatzen dugu jaia, topaketarako eta elkar-ezagutzarako gune modura. Aurtengo hitzordua maiatzaren 5ean izango da, larunbatarekin, goizeko 11:00etan hasita.

Gaur egun hamar herritan dago martxan Auzoko egitasmoa, eta jatorri eta hizkuntza komunitate ezberdinetako ehunka lagun ari dira berauetan parte hartzen. Herriz herri Auzoko egitasmotako partaide guztiei egin zaie Soraluzeko hitzordura hurbiltzeko deia. Jaia, baina, herritar guztiei zabalik egongo da, urtero bezala eta, horretarako, adin tarte guztietara egokitutako egitaraua osatu dugu. Euskara erdigunean jarrita, jatorri ezberdintetako hizkuntza eta kulturak ezagutzeko aukera emango digu jaiak. 

Aurreko edizioetako arrakasta ikusita, aurten ere lehenik ekitaldi txiki bat egingo dugu Plaza Barrixan. Ondoren, Auzokoko saioetan burutzen ditugun dinamikak ezagutu eta horietan parte hartzeko aukera eskainiko zaie herritarrei. Haurrek ere izango dute beren txokoa, munduko jolas eta eskulan tailerrekin. Horrez gain, janaria probatzeko aukera egongo da eguerdi partean eta plaza dantza saio batekin emango diogu amaiera festari. 

Bosgarren edizioa

Auzoko jaiak bosgarren edizioa izango du aurtengoa. Orain arteko lau edizioak Gipuzkoako Debagoiena eskualdean egin ondoren, aurtengoan Debabarreneko herri batetara egin du salto.

Lehen jaia Bergaran egin zen 2014 urtean. Proposamen berria zen, urte batzuk martxan zeramatzaten Auzoko egitasmoetako partaideak biltzearena eta izan zuen harrera ikusita, urtero errepikatu izan da formula: partaideak bildu, pertsonen eta kulturen arteko elkar-ezagutza bultzatu eta aniztasuna ospatu, beti ere euskara kohesio hizkuntza modura erabiliz. 2015eko Auzoko jaia Eskoriatzan egin zen, hurrengoa Oñatin, eta azkenik, iazkoa Antzuolan. Ez da kasualitatea urtero inguru berdinean egin izana, Auzoko egitasmoa martxan duten herri gehienak eskualde hauetan kokatuta daude eta. Hortaz gain, Donostian eta Gasteizen ere martxan dira Auzoko taldeak. 

Auzoko jaia 2014, Bergara

AUZOKO JAIA 2017 ANTZUOLAN

Antzuolan ospatuko da datorren larunbata maiatzaren 6an, 2017ko AUZOKO JAIA, Auzoko egitasmoaren urteko jaia. Bertan bilduko dira egitasmoa martxan dagoen herrietako kideak eta gonbitea luzatzen zaie herritar guztiei jaian parte hartzera. 

Jaia 11:30ean hasiko den arren, Bergaratik oinez joan nahi dutenek aukera izango dute eta  10:00etan elkartuko dira Bergarako autobus geltokian elkarrekin joateko.

Egitaraua:

11:30 Ongi etorri ekitaldia

12:00 Auzoko dinamikak

12:45 Munduko janarien dastaketa

13:15 Dantza saio partehartzailea

Photocall-a goiz osoa zehar

Auzoko, 2008an Topaguneak eta Uemak gure herrietara etorri berriei egiten genien harreraren inguruko kezkari erantzuteko asmoz sortu zen egitasmoa da eta gaur egun hainbat herritan martxan dago, Antzuola, Palentzia, Bergara, Oñati, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, gasteiz, Ibarra eta Donostian.

Egitasmoaren baitan herriz herri jatorri ezberdinetako herritarrak euskarara gerturatzeko egiten ari den lana ikusaraztea da jairen helburu nagusia, parte hartzaileen arteko ezagutza eta motibazioa sustatzearekin batera.

Egitasmoa ezagutu eta parte hartzera animatu nahi baduzu, bertan izango gaituzu!