Abenduak 16ra arte bilduko ditugu Laburbirarako film laburrak

Azaroaren 16an epea zabaldu genuenetik jaso ditugu zenbait lan eta film laburrak euskaraz egiten dituzten guztiak animatu nahi ditugu beraienak bidaltzera: euskarazkoak izan behar dute, 2014tik hona egindakoak,  fikziozkoak eta 18 minututik beherakoak.  Ezaugarri horiek betetzen dituen film laburren bat egina izanez gero, bidali leire@topagunea.eus helbidera.

XIV.Laburbira martxoaren 9tik apirilaren 12ra izango da, sortzaileen lanak ezagutarazteko, euskaraz ekoizten jarraitu dezaten aukera emanez, eta ikusleei geurean sortutako zineaz gozarazteko.

laburbira_banner_topaweb

Oraindik zehaztu gabe dago zein herri bisitatuko dituen, hori Laburbiran parte hartu nahi duen euskaltzaleen mugimenduko elkarte kopuruaren arabera izango baita. Iaz 27 herritan zehar ibili zen zirkuitua, zortzi film labur erakutsiz.

 

Filmak aurkezteko baldintzak

Aurkeztu ahal izateko, filmek euskaraz egindakoak izan behar dute, 2014tik hona ekoiztutakoak, fikziozkoak eta 18 minututik beherakoak.

Interesatuek, honakoak aurkeztu beharko dituzte:

  • Sortzailearen datuak eta aurkezpen laburra (4-5 lerrotan bere ibilbidea, argazki eta guzti).
  • Filmaren sinopsia
  • Filmaren fitxa teknikoa
  • Filma bera, euskarri digitalean (mp4, mov…)

Bestalde, aurtengo Irudienean egongo diren film laburrak ez dira berriz aurkeztu beharko, zuzenean Laburbirarako aukeraketa fasean sartuko direlako.

Honako helbidera bidali behar dira lanak: leire@topagunea.eus

 

Aukeraketa egiteko irizpideak

Urtarrila erdialderako aukeratuko dira 14.Laburbiran herriz-herri eskainiko diren film laburrak. Aukeraketa egiterakoan zenbait irizpide izango dira kontuan, honakoak:

  • Publiko guztientzako lanak izatea.
  • Sortzaile berrien eta izen handikoen arteko oreka.
  • Sortzaileen lurralde eta genero aniztasuna.
  • Genero ikuspegia
  • Filmen bestelako ezaugarriak: euskalki aniztasuna, umorea, animazioa, lan esperimentalak, sentsibilizazioa lantzen dutenak…

Iazko Laburbirari buruzko informazioa: http://topagunea.eus/laburbira/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude