Auzoko jaia Aretxabaletan egingo da

Aretxabaletan elkartuko dira aurten Auzoko egitasmoa martxan duten herri guztietako parte-hartzaileak. Ekainaren 9an izango da zita, igandearekin, goizeko 11:00etan hasita. Jaia baina, herritar guztiei zabalik egongo da eta horretarako, adin tarte guztietara egokitutako egitaraua osatu da. Euskara erdigunean jarrita, jatorri ezberdinetako hizkuntza eta kulturak ezagutzeko aukera emango du jaiak. 

 

Aurreko edizioen arrakasta ikusita, aurten ere lehenik ekitaldi txiki bat egingo da Herriko Plazan. Ondoren, Auzokoko saioetan burutzen diren dinamikak ezagutu eta horietan parte hartzeko aukera eskainiko zaie herritarrei. Haurrek ere izango dute beren txokoa, munduko jolas eta eskulan tailerrekin. Horrez gain, jatorri ezberdinetako janaria probatzeko aukera egongo da eguerdi partean eta plaza dantzen saio batekin emango diote amaiera festari.

 

Herriz herri egin beharreko lana

Urte osoan egindako lanaren erakusleihoa izaten da Auzoko Jaia. Aretxabaletarekin batera, Eskoriatza, Soraluze, Arrasate, Bergara, Donostia, Ibarra, Oñati eta Gasteiz dira gaur egun egitasmoa martxan duten herriak. Euskaratik urrun bizi direnak euskarara gerturatzeko helburuarekin, astero biltzen dira taldeak, ordu eta erdiz euskaraz aritu eta ongi pasatzeko. Talde horietan ezinbestekoak dira euskal hiztunak ere, bidea egin nahi duten horiei lagundu eta, bide batez, elkarrengandik ikasteko. Euskaraz bizi nahi badugu, ezinbestekoa baita herrietan dagoen aniztasuna ezagutu eta aitortzearekin batera, hizkuntza guztion esku jartzea.

 

Aurreko urteetan ere egin izan dira Auzoko jaiak, beti ekimena martxan dagoen herriren batean, eta helburu berdintsuekin: topagunea izatea eta euskara kohesio hizkuntza duen hizkuntza eta kultur aniztasunaren jaia ospatzea. 

 

Egitaraua

Ostegunean, hilaren 6an, abiatuko da aurtengo Auzoko jaiaren egitaraua. Arratsaldeko 6,30etatik aurrera “Bizimodua berreraikiz” dokumentalaren emanaldia eskainiko da Arkupen. Emanaldiaren ondoren solasaldia egongo da Amaia Txintxurreta, Djamila Zereiby, Amelia Barquín eta dokumentaleko gazteekin.

Auzoko jaia berriz, igandean egingo da, ekainaren 9an. Hauxe izango da eguneko egitaraua: 

10:30     Diana dultzaineroekin

11:00      Ongi etorri ekitaldia

11:30      Auzoko egitasmoko dinamikak

12:30     Munduko janarien dastaketa

13:30     Plaza dantza saioa

14:30     Amaiera

Era berean, 12:30etatik aurrera haurren txokoa egongo da. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude