1ERATU mintegitik euskaltzale mugimendu berritura

Euskaltzaleen elkarteetako kide, euskara teknikari eta Euskaraldiko herri-batzordeetako kideak batu ziren martxoaren 23 goizean Elgoibarren egindako 1ERATU mintegira. Makina-Erraminta Institutua izan zuen mintegiak aterpe eta Euskaltzaleen Mugimenduan azken hilabeteotan abiatutako hausnarketari segida eman zioten bertaratutakoek: nola antolatu tokiko euskaltzaleen mugimendua?

Lan-ildo berritu baten abiapuntua izan zen 1ERATU mintegia, euskaltzaleen mugimenduaren berritzea, hedatzea eta antolaketa helburu dituen lan-ildoarena. Ez da berria helburua Euskaltzaleen Topagunearentzat, aspaldi ari baita mugimendua artikulatu eta berritzeko lanetan (parte hartze prozesuak, Topaeguna eta bestelako ekimenak dira horren adibide). Euskaraldian herriz-herri sortutako lan-talde eta batzordeek egindako baloraziotatik jaso da herrietan antolatzen jarraitzeko gogoa eta urtarrilean egindako Topaldia jardunaldian ere mugimendu berriturako bidean jarri ginen. Guzti horren jarraipena da 1ERATU lan-ildoa.

Bi zatitan banatu zen Elgoibarko IMH institutuan egindako mintegia.  Lehen zatian hiru gonbidatuk beren herri eta eskualdetan izandako esperientziak azaldu zituzten. Arabako Lautadan euskara elkartetik euskaltzaleen komunitatera ematen ari diren urratsak azaldu zituen Asier Lafuentek; Elgoibarko Izarra euskaltzaleen topagunearen ibilbidearen berri eman zuen ondoren Imanol LarraƱagak; Ikaztegietako euskaltzaleak antolatzeko bidean ematen ari diren urratsak azaldu zituen azkenik Adur Ibargurenek. Hiru esperientzia hauek entzun ondoren iritzi trukerako momentua heldu zen.   Euskaltzaleen topaguneen funtzioak, euskalgintzaren saretze aukerak, boluntario eta langileen funtzio eta arduren uztarketak, militantzia ereduak, finantzaketa motak eta Euskaraldian sortutako batzordeak mugimenduratzeko aukerak izan genituen aztergai.

Bigarren zatian aurrera begira jarri ginen parte hartzaile guztiak. Mugimendua zabaldu eta bateratzeko helburuari jarraituz, albo batera utzi beharreko aurreiritziak, gainditu beharreko oztopoak, eman beharreko urratsak eta egin beharreko bidea izan ziren hausnarketarako galdegai nagusiak. Mugimenduari begira jarri ginen, beraz, eta bi elementu nagusi identifikatu ziren:

  • Gogoeta: Errealitate soziolinguistikoa eraldatzeko egungo egoeraren diagnostiko eta irakurketa (diskurtso) partekatutik abiatu beharra.
  • Berrikuntza: Egiteko eta izateko moduetan berritzea egin beharra, gizarte aldakorrari erraz moldatuko den mugimendua osatuz, egiturak arinduz, funtzio banaketak finduz, euskaltzale ereduez hausnartuz eta ekiteko moduak berrituz.

Bi oinarri horien gainean egiteko ugari zabaltzen zaizkio mugimenduari, beraz. Eta tartean, hainbat ideia: euskaltzaleen muineko geruzetatik harantzago heltzeko beharra; belaunaldi berrientzako autogestiorako espazioak; komunitate-praktika berriak; erakundeekiko lankidetzan elkar aitortza eta autonomia;  mugimendu-estrategia komunak, tokian tokiko egoera soziopolitiko eta soziolinguistikoetara egokitzeko modukoak; polizentrismoa lantzeko eskualdetze estrategiak; eta beste hainbat.

Hausnarketarako oinarri sendoa jarri zen 1ERATU mintegian, astinaldi berri baterako prest gara.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude