Ahobizi eta belarriprestak Korrika

KORRIKAn ere ‘ahobizi’ eta ‘belarriprest’ izateko deia egin dute AEK-k eta Topaguneak. Bilboko Itsasadarra itsas-museoan egindako agerraldian hizkuntza ohituren aldaketak epe luzeko ekina eskatzen duela ekarri dute gogora Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak eta Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak. KORRIKAk testuinguru paregabea eskaintzen duela ere azaldu dute. 

Euskaraldiaren lehen edizioa joan den urteko abenduaren 3an amaitu zen eta dagoeneko datorren urteko udazkenean egingo den bigarren edizioa prestatzen ari da. Tartean baina, belarriprest eta ahobizi modura aritutako lagunei ariketa sozialean hartutako portaera eta ohiturak praktikatzeko gonbitea egin zaie eta horrela, 21. KORRIKAn ere ahobizi eta belarriprest gisa jarduteko deia egin dute Topagunea eta AEK-ko ordezkariek. 

«Klika eta inertziak apurtzea eskutik doazen ekintzak dira». Hala mintzatu da Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusia gaur, Bilboko Itsasadarra museoan emandako prentsaurrekoan. Euskaraldian parte hartu dutenek «euren hizkuntza-praktikak aztertu» eta ohiturak aldatzeko erabakia hartu zutela gogorarazi du.

KORRIKAren aurreko edizioak irudi esanguratsuak utzi zituen, hala nola Santiago zubiko kilometroa, non elkarrekin agertu ziren erakundeetako ets euskalgintzako ordezkariak. Geroztik, rol eta jarrera berriak sortu dira Euskal Herrian, eta horiek zabaltzeko deia egin dute agerraldian.

Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak dei egin die ahobizi eta belarriprest guztiei «euskarazko hizkuntza-praktikak zabaltzen jarraitzeko, aldatutako ohitura horiei eutsi eta euskarazko harremanak zaintzeko». Egunerokoan egin beharreko ariketa horrek testuinguru ezin hobea izango du KORRIKAn, Garestik Gasteiza, apirilaren 4tik 14ra.

Hala, ahobizi eta belarriprest guztiei dei egin diete ikurrekin eta portaerekin ohitura-aldaketa hori ikusaraztera, «AEK-k aurten egin duen proposamenari jarraituz, Klika egiteko, aldaketak eragiteko, urrats berriak emateko».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude