1ERATU: Nola antolatu tokiko euskaltzaleen mugimendua?

Abenduan amaitu zen Euskaraldiak milaka euskaltzale aktibatu eta batzordeak sortzea eragin du. Bigarren edizioaren prestakela lanetan gauden honetan, talde horien eraginkortasunaz eta iraunkortasunaz hausnartzea beharrezkoa dela uste dugu, herrietako euskaltzaleen mugimendua egonkortzeko. Antolatuta dauden euskaltzaleen elkarteek herri eta entitateetan modu jarraian eragin dezakete eta inguruko gainontzeko entitateekin elkarlana gauzatzeko bideak zabal ditzakete. Hala, lan ildo berri bat jarri dugu abian Euskaltzaleen Topagunean: 1ERATU, herrietako mugimendu eta talde horiei guztiei antolatzeko eta egonkortzeko bide emango dien dinamika.

1ERATU mintegia Elgoibarren

Martxoaren 23an abiatuko da 1ERATU dinamika berria. Egun hortan euskalgintzako eragileak, euskara teknikariak, Euskaraldiko batzordekideak eta euskaltzaleen elkarteetako kideak bilduko dira Elgoibarren, Nola antolatu tokiko euskaltzaleen mugimendua? galderari erantzuteko. Hitzordua Elgoibarko IMH institutuan izango da, goizeko 10etatik aurrera. Euskal Herri osoko herri eta eskualde ezberdinetako esperientziak bilduko dira saio honetara, baita taldearen egonkortzean hurrengo pausua emateko prest dauden euskaltzaleak ere. Lan-mintegia izango da eta lan-ildo honetan Euskaltzaleen Topaguneak emango dituen hurrengo urratsak zehazteko balioko du. 

Parte hartze prozesuak eta Topaldia aurrekari

Hainbat herritan egin dira parte hartze prozesuak azken urteetan

Lan-dinamika honen abiapuntua ez da hutsetik sortu, hala ere. Euskaltzaleen Topagunearen kongresuan ondorio eta lehentasunen artean mugimendua zabaltzea eta kohesionatzea zeuden eta ondoren etorri dira helburu horri lotutako hainbat ekintza. Horien artean, aipagarriak dira azken urteetan Euskal Herriko hainbat herritan bertako euskaltzaleekin egin diren gogoeta prozesuak. Prozesuetako batzuk euskaltzaleen elkarte berriak sortzea izan dute helburu nagusi, eta beste batzuk, lehenagotik ari ziren euskara elkarteen jarduera berraztertu eta elkarteak biziberritzeko proposatu dira. 

Horrekin batera, urtarrilean egindako Topaldia jardunaldian euskaltzaleen mugimenduaren norabidea izan da hausnarketa-gai. Izan ere, Euskaltzaleen mugimendu berritura bidean izenburua izan du aurtengo Topaldiak. Jardunaldian ildo berri honi oinarri bat jarri zitzaion eta lehen mintegirako langai izango diren ondorioak atera ziren bertaratutakoek egindako ariketatik.   

1 comment for “1ERATU: Nola antolatu tokiko euskaltzaleen mugimendua?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude