Hastear da Euskararen Ginkanaren 6.edizioa

Hizkuntza ekologia eta aniztasuna lantzeko eta euskararen aldeko proiektuak bultzatzeko xedez sortutako Euskararen Ginkanaren 6. edizioa martxan da. Taldean parte hartu ahal izango da aurtengo edizioan ere eta euskararen aldeko egitasmo bat babesteko 3.000 euroko saria lortu ahal izango dute irabazleek. 

Kutxa Ekoguneak sustatutako proiektua da Euskararen Ginkana, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean burutzen dena. Hizkuntza-praktika ekologikoak abiapuntutzat hartuta, euskara sustatzeko helburuarekin bat egiten dute bi erakundeek.

Esan bezala, seigarren edizioa izango da aurtengoa. Aurreko urteetan ere, euskara erdigunean izanik, hizkuntza-ekologia eta hizkuntza aniztasunaren gaiak landu izan ditu Euskararen Ginkanak, taldeek burutu beharreko probak gai horietan oinarrituz.

Euskararen Ginkana euskaltzale zein kultura edo aisialdiarekin lotutako taldeen artean zabaldu den lehiaketa da: norbanakoen partaidetzatik taldekako parte hartzera eta Gipuzkoatik, Euskal Herri osora zabaldu dena. Euskararen lurralde osoko 80 talde baina gehiagok parte hartu izan dute azken edizioetan, izaera eta esparru aniztasun handikoak. Aurreko edizioetan ere euskara sustatzeko ekimenak babesteko baliatu dute irabazleek saria (bosgarren edizioan Lizarrara joan zen saria, bertako euskararen maratoia ekimena lantzeko). 

 

Hizkuntza-praktika ekologikoak

Munduko bioaniztasuna babesteko ekintzaile ekologisten lana eta ekintzak ezagunak ditugun arren, munduko hizkuntza aniztasunak ere babesa behar duela ez dugu horren barneratua. Hizkuntzen aldeko ekintzaileak behar ditugu, hizkuntza-ekologistak!

Euskarak baditu ekintzaile ugari herri honetan, eta horren erakusle izan da azken hilabeteetan Euskaraldiarekin bizi izan dugun aktibazioa. Erabileraren inguruan hausnartu, konpromisoak hartu eta ekintzara pasa dira milaka euskaltzale. Ekintzailetza horri heldu nahi dio aurtengo Euskararen Ginkanak, egindako lanak jarraipena izan dezan.  

Lehiaketa

Bi fasetan gauzatuko da ginkana: lehenengo faseak 5 asteko iraupena izango du,  urtarrilaren 23an hasi eta otsailaren 27an amaituta. Fase honetan euskararenginkana.eus webgunean astero argitaratuko diren probak gainditu beharko dituzte taldeek.

Bigarren fasea, final handiaren eguna izango da. Martxoaren 9an burutuko da Kutxa Kultur-en (Tabakalera eraikineko 4. Solairuan. Donostia). Lehen fasean puntu gehien lortu dituzten 4 taldeak lehiatuko dira bertan.

Parte-hartzaileak

Parte-hartzea taldekakoa izango da eta euskararen aldeko proiekturen bat gauzatu edo babesten duen talde, elkarte edo eragile bat ordezkatuko beharko dute. 16 urtetik gorako 4-6 laguneko taldeak osatu beharko dira parte hartu ahal izateko. 

Edozein talde motak hartu dezake parte lehiaketan: taldeak egitura formalik gabeko lagun koadrila edo guraso zein ikasle taldeak izan daitezke. Baita egitura formala duten elkarte desberdinetako taldeak ere, hala nola, euskalgintzako elkarteak, enmpresak, kulturgintzako taldeak (musika, antzerki, bertso eskolakā€¦), talde feministak, erakunde sozialak, talde ekologistak, tokiko enpresak, eta abar.

Izen-ematea

Izena emateko epea urtarrilaren 30a bitartean egongo da zabalik (lehen proba erantzuteko epea amaituko da egun horretan).

Izen-ematea gauzatzeko, euskararenginkana.eus webguneko formularioa betetzeaz gain, talde bakoitzak bere burua eta babestu nahi duen euskararen aldeko egitasmoa aurkeztu beharko ditu bideo labur batean. Aurkezten diren proiektu edo egitasmoak askotarikoak izan daitezke, aurrez martxan daudenak edo aurrerantzean burutu nahi direnak. Guztiak baina, euskararen aldeko ekarpena suposatu beharko dute, arloa edozein izanik ere: hezkuntza, aisialdia, kulturgintza, helduen euskalduntzea, erabilera sustatzeko egitasmoak …

 

Informazio gehiago:

euskararenginkana.eus / euskararenginkana@ekogunea.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude