2019ko Topaldia jardunaldia, euskaltzaleen mugimendu berritura bidean

Urtero bezala, Topaldia jardunaldia egingo du Euskaltzaleen Topaguneak 2019 urtearen hasieran, “Topaldia 2019: euskaltzaleen mugimendun berritura bidean” izenburupean. Hurrengoa urtarrilaren 31n izango da, lehen aldiz Bilboko EHUren Bizkaia Aretoan. Euskaraldiak euskaltzaleen mugimendua berritzeari begira ekarri dituen aukera, erronka eta arriskuek ardaztuko dute oraingoan Topaldiaren edukia

Euskararen normalizazio prozesuan azken urteotan sortzen ari diren gogoeta, ekimen eta norabide berrien baitan nola ari da antolatzen euskaltzaleen mugimendua? Zeintzuk dira datozen urteotarako lehentasunak eta kontuan hartu beharreko elementuak?Azken urte eta erdian herriz-herri antolatu den euskaltzaleen sareak eta Euskaraldiak berak izan dituen hainbat ezaugarrik, hurrengo urratsak irudikatzeko abagune ezin egokiagoan jarri gaituzte.  

Euskaraldiko Batzordeetan lanean dabiltzan euskaltzaleak autoeratu eta Euskaltzaleen Elkarteak indartzeko helburua dugu eskuartean. Era berean, erakundeekin eta euskalgintzako beste eragileekin jorratutako elkarlanaz gogoeta egin eta sakontzeko baliatu nahi dugu Topaldia.

Egitarau oparoa

Topaldia Jasone Mendizabalek hasiko du Euskaltzaleen Topaguneak mugimenduaren egoeraren gainean duen irakurketa eginez. Jon Sarasua autoeraketaz arituko da, Hiztunpolisa saiakeran jasotakoak eguneratuz. Manex Agirre euskara teknikariak, berriz, lankidetzaren gaia landuko du. Jarraian, Ipar Euskal Herrian erabilerari begira zabaldu den abaguneaz jardungo da Eneko Gorri. Goizari amaiera emateko, taldeka lan egiteko parada izango da autoeraketa eta elkarlana oinarri harturik.

Bazkaldu ondoren, Mari Luz Estebanek mugimendu feministaren ibilbidea izango du ardatz, eraldaketarako ispilu izan daitekeelakoan. Topaldiarekin amaitzeko, Elena Laka eta Rita Aldabaldetrekuk ekarpen lanaren lehen ondorioak plazaratu eta aurrera begirako proposamenaren berri emango dute.

Topaldia, euskaltzaleen mugimenduaren gogoetarako gunea

Euskaltzaleen mugimendurako interesekoak diren gaien inguruan hausnarketa egiteko helburua du Topaldiak,Euskaltzaleen Topaguneak urtero antolatzen duen jardunaldiak. Barne gogoeta eta elikadura tresna izateaz gain, bestelako eragile zein norbanakoekin elkartrukea bideratzeko espazioa ere eskaintzen du. Hemezortzi urteko ibilbidean, mugimenduko eta euskalgintzako kideen elkargune, formazio eta gogoetarako ezinbesteko hitzordu bihurtu da Topaldia.

Izena ematea zabalik

Urtarrilaren 23ra arte edo aretoko edukiera betetzen den arte egongo da zabalik izen ematea Topaldiaren webgunean.

 

 

1 comment for “2019ko Topaldia jardunaldia, euskaltzaleen mugimendu berritura bidean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude