Udagoieneko Ostera: zuzeneko zortzi emanaldi urriaren 27an hasita

Hemeretzi urte bete berritan eta hogeigarren edizioan begia jarrita, aurtengo Ostera berezia dator, ziklo berri baten iragarle. Haize freskoa dator, euskarazko sortzaileen aniztasuna eszenatokietan erakusteko asmoz. Publikoaren eta sortzaileen arteko konexioa plaza berrietan, formatu txiki eta handietan; Bizkaia osoan zehar zabaldu nahi du Udagoieneko Osterak geurean euskaraz egiten denaren uzta.

Eta euskarazko Kultur zirkuituaren aurtengo edizioan igarri da hori; zortzi emanaldi eta hamar sortzaile datoz Bizkaian zehar publikoari musikaz eta antzerkiaz gozaraztera. Euskaraz eta hurbiletik. Etxeko giroan.

Euskaltzaleen Topaguneak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, euskarazko zortzi emanaldi antolatu ditu,  urriaren 27ik azaroaren 23ra bitarte, Bizkaiko antzoki banatan gozatzeko. 

 

Bizkaiko Foru Aldundiko Lorea Bilbao eta Ana de Castro, Euskaltzaleen Topaguneko Jasone Mendizabalekin batera, 19.Udagoieneko Osterako programa aurkezten.

Hilabetean 8 emanaldi

Urriaren 27tik azaroaren 23ra bitarte, euskarazko Bizkaiko Kultur zirkuituak Bilbo, Durango, Gernika, Ugao Miravalles, Zalla; Markina-Xemein eta Sopela bisitatuko ditu. Herri bakoitzean emanaldi bana eskainiko da; aurten “Tomiris” eta “Bizimiñak” antzerkiak izango dira ikusgai eta 6 zuzeneko kontzertu: Kokein eta Siroka; Xabier Solanoren “Inpernuko”; Alos quartet, Oreka TX eta Amaia Elizaran; Mice; Ane Zugaza eta Desira; Mursego, zirkuitua itxiz.   

Aurtengo Ostera 

 Urriaren 27tik azaroaren 23ra izango diren 8 emanaldien berri zehatza (sortzaileen gaineko informazioa, emanaldiaren ordu eta leku zehatza, sarrerak non lortu…) hemen duzu.

Aurtengo Ostera gainbegiratu azkar batez ikusi nahi izanez gero, berriz, hona hemen 2018ko “kartelera”: gainean klikatuta, programazioaren gaineko xehetasun guztien berri jasoko duzu. 

Udagoieneko-Ostera2018-kartela

Nekazaletxeetan 5 egonaldi zozkatuko dira

Osterazaleak zeintzuk diren jakin nahi du Euskaltzaleen Topaguneak. Hau da, zer adinetako jendea hurbiltzen den emanaldietara, publikoa zer herritatik datorren, zenbat urtez etorri diren kultur zirkuitura… 

Emanaldietara hurbiltzen direnei postal bana emango zaie, atzean galdera erraz batzuk izango dituena. Galdera horiek erantzun eta areto bakoitzean egongo den buzoira botatzen duten guztien artean zozketa egingo da: Nekaturreko nekazaletxeetan 120 euroko bost egonaldi, hain zuzen. 

Sarrerak non eskuratu

 Interneten, BBKren kutxazainetan eta aretoetan bertan erosi daitezke. Ane Zugaza eta Desiraren zuzeneko kontzerturako sarrerak , Kafe Antzokiaren webgunean edo Ticketea atarian ere eskuratu daitezke

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude