Urriaren 20an Donostian egingo da Zubideiak 2 gizarte elkarrizketa

Urriaren 20an Donostiako Miramar jauregian egingo den Zubideiak 2 gizarte elkarrizketa aurkeztu dute 21 eragilek, Euskara, Aniztasuna eta Elkarbizitza gaia hartuta eta “Bizi euskara zure erara. Zuk nola bizi duzu?” lemapean.

Beasaingo Igartza jauregian egin den aurkezpenean lehen hitzak Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariaren eta Alina Blanco Emigrados sin Fronteras erakundeko kidearen eskutik heldu dira. Urriak 20an egingo denaren nondik norakoak azaldu dituzte eta gizarte elkarrizketa honen eta gehiagoren beharraren zegartia azaldu dute.

 
 

Euskararekiko bizipen askotarikoak dituztenen arteko elkarrizketa

Jasone Mendizabalek azaldu duenez, gizarteak aldaketa asko izan ditu azken hamarkadatan, inoiz baino anitzagoa da gure herria eta inoiz baino hizkuntza gehiago entzun ditzakegu era berean, gure kaleetan, 100 baino gehiago. Euskararen garapena gizarte osoaren ardura dela sinistuta daude Zubideiak 2 bultzatzen duten eragileak, eta ildo horretan aniztasunak euskarari zein elkarbizitzari, aberastasuna eta aukera berriak ekar diezazkiokeela adierazi du Mendizabalek.

Askotarikoak dira eguneroko bizitzan herritarrek euskarekiko dituzten bizipenak, gertukoak batzurenak,urrunak besteenak, goxoak, mingarriak, sutsuak, aurkakoak, epelak, anitzak, kontraesankorrak, ilusionagarriak… Askotariko bizipen horiek partekatzea, elkarrekin ideia eta galdera berriak sortzea eta elkarrekin aurrera egiteko zubiak eraikitzea bilatzen dute antolatzaileak urriaren 20ko topaketarekin

Euskaraz ez dakitenen parte hartzea ere helburu

Alina Blancok, Emigrados sin Fronteras erakundeko kideak, hiru ideia nagusi adierazi ditu. “Etorkin talde garen heinean, badakigu euskal gizarteko kide garela eta gure lana dela gizarteratzea”. Gizarteratzeko prozesu horretan, gure erronketako bat da euskara gureganatzea, hura aitortzea, harengana hurbiltzea, eta, hala, hartu gaituen lurraldearen errealitatea eta ohiturak ulertzea eta gure egunerokoan txertatzea. Euskararen sustapenak gure gizarteratzeko eta Euskadiren, hartzen gaituen lurraldearen, kultura ulertzeko prozesuari lagundu eta hura errazten du.

Emigrad@s sin Fronteras elkarteak Euskadiko aniztasun kultural eta etnikoaren ezagutza abiapuntutzat hartzen du, kultura, etnia eta jatorri askotako taldeen arteko elkarrizketa eta elkargunea sortzeko. Horregatik, badakigu gure aniztasunak aberasten duela, eta horren bitartez, Euskadiko zati sentiarazten eta bihurtzen laguntzen diguten loturak sortu behar ditugula. Euskara kulturen arteko lotura hori errazteko tresna bat da, elkarren artean hurbiltzeko eta batera bizitzeko.

Parte-hartzaileen arteko aniztasun handiak euskara ikastean dauden behar eta interes desberdinak eta hizkuntzara hurbiltzea eragozten diguten oztopoak ulertzea eta agerian uztea ahalbidetuko du, baita euskara ikusarazten eta azaleratzen ere.

Hainbat eragile antolaketan

 Zubideiak 2ren atzetik 21 bat eragile daude eta horien guztien izenean hitz egin dute Mendizabalek eta Blancok. : EDE fundazioa, Agirre Lehendakaria Center, AEK, Elhuyar, Euskal Herriko Unibertsitatea, EH 11 Kolore, EMUN, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Jatorkin Al-nahada, Urtxintxa, Biltzen, Gune Irekiaren Lagunak, Soziolinguistika Klusterra, Euskaltzaindia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Aniztasun Saila, Kutxa-Ekogunea, Bagera Elkartea, Emigrados Sin Fronteras, Garabide eta Euskaltzaleen Topagunea.

Gune Irekia gizarte elkarrizketarako

Gizarte Elkarrizketarako erabiliko den metodología azaldu du era berean Iñigo Retolazak, gunea dinamizatuko duen erraztaileak. Gune Irekia harremanak errazteko eta ezberdin pentsatzen duten pertsonak elkartzeko era auto-kudeatu bat da. “Hiritarren arteko topaketa hauek zeharo motibatzaileak dira; gure herriaren baitan elkarrizketaren kultura sustatuz era sortzaile eta inklusibo baten bidez“ azpimarratu du Retolazak. Gune Irekiaren metodologiak parte hartzaileen interesak, galderak eta kezkak jartzen ditu erdigunean, parte hartzaileak beraiek baitira eguneko agenda proposatu eta erabakiko dutenak. Saioaren amaieran egunak eman duen guztiarekin txostena osatuko da eta parte hartzaile guztien eskuetan jarriko da egun horretan bertan egunak eman duenaren emaitza.

Izen-emate epea zabalik

Urriak 20 Miramar Jauregian gizarte elkarrizketan parte hartzeko izen emate epea zabalik da, irailak 12-tik Urriaren 11 arte. Gerturatzen direnak dohakoa izango dute jauregian bertan umeen zaintza zerbitzua. Bazkaria 10 euro izango dira.

Zubideiak-en lehenengo edizioan parte hartzaileen laurdena gutxienez euskaraz ez dakiten herritarrak izatea jarri zen helburu moduan eta helburua lortu zen. Helburu berarekin abiatu da bigarren edizio hau. Elkarrizketa honetara ekarri nahi da gizartean dagoen aniztasunaren lagin bat eta izen emate garaian aniztasun hau eman dadin lan egingo dute Zubideiak 2ko sustatzaileek. Ezberdintasunetatik abiatuta, jarrera kolektiboa indartzea du helburu gizarte elkarrizketa honek. Horrez gain, Zubideiak laborategi bat izango da, hizkuntza praktiken laborategia, izan ere euskaraz, gaztelaniaz eta fratsesez gutxienez gauzatuko da. Pertsona bakoitza erosoen sentitzen den hizkuntzan hitz egin ahal izateko praktika berriak bilatuko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude