Udazken bizi baterako prest

Udaldia heldu da, oporrak Topagunean. Abuztuan erabateko etenik ez dugun arren, Topaguneko lankide gehienek oporraldia hartuko dugu hilabete honetan. Horregatik, litekeena da hurrengo asteotan ohi baino mugimendu gutxiago igertzea gurean.

Abuztuaren bukaeran indarberriturik bueltatzeko atsedenaldia hartuko dugu. Indarberriturik, baina prest, udazken bizia baitugu aurretik. Urtero izaten dira beteak Euskaltzaleen Topagunearen udagoienak, eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Klasikoak eta berriak, udazkenean denetariko egitasmoak izango ditugu martxan. Horretarako prestatzen ibili gara azken hilabeteotan, irailetik aurrera ditugun erronka guztiei behar bezala erantzun eta euskararentzat territorio berriak irabazteko.

Ahobizi ala belarriprest?

Galdera luzatu dugu jadanik. Zer izango zara azaroaren 23tik abenduaren 3ra? Ahobizi edo Belarriprest? Udazkenaren hasierarekin abiatuko dugu, irailaren 20an, Euskaraldiko izen-emate garaia. 350 udalerritik gora eta 80 entitate baino gehiago dira jadanik Euskaraldia antolatzeko lanean ari direnak, berauetan sortutako batzordeak topera dabiltza udazken honetan egingo den ariketa soziala behar bezala antolatzen.

Izen-ematea, prestakuntza, ekitaldiak,… eta hizkuntza ohiturak aldatzeko 11 egunetako ariketa kolektiboa. Euskal Herri osoan, batera, norbanako asko modu kolektiboan, inertziak apurtzen eta hizkuntza ohiturak aldatzen. Horiek dira ariketaren oinarriak. 

Ekimenean lanean ari diren lagun eta eragileak ilusio osoz ari gara prestatzen eta benetan sinetsita gaude norbanakoen arteko harremanetan aldaketak lortzera goazela, hizkuntza hautuak kontziente egin eta inertziak apurtzeko ariketa serioa egitera goazela. Emaitzak eta prozesua neurtzeko ikerketa ere egingo da udazkenean. Soziolinguistika Klusterra ari da ikerketa gidatzen. 

Udazkenean ekingo zaio, halaber, hurrengo Euskaraldiaren antolaketari. 

 

Ikusi, entzun eta sentitu

Euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntza, sustapena eta hedapenak lekua dute Euskaltzaleen Topagunearen jardueran azken urteotan. Udazkenak beti izaten ditu hainbat hitzordu arlo honetan. Lekeition 41. zine bilera egingo dute aurten eta Topagunetik ere parte hartuko dugu aurtengoan, Kameratoia ikus-entzunezkoen rallyak bertan izango baitu aurten ere egoitza. 24 ordutakoa izango da aurtengo rallya. Sortzaile gazteentzako aukera ederra beraz, sormena, adrenalina eta lehia egun bakarrean! Izen-ematea irailean zehar egingo da eta urriaren 6-7an Lekeition egingo da Kameratoia. 

Abenduaren 5 eta 9a artean egingo da aurtengo Durangoko Azoka. Eta urtero modura, kultur eskaintza anitzaren barruan, ikus-entzunezkoek izango dute bere tokia, Durangoko Zugaza zineman: Irudienea, ikus-entzunezkoen plaza. Urte osoan zehar euskaraz dagoen sorkuntza biltzen ari gara, bertan egitarau ahalik eta osoena eta interesgarriena eskaini ahal izateko. Aurten, berezitasun bat izango du Irudieneak, proposamen berri bat: 2017ko urritik 2018ko urrira egiten diren ikus-entzunezkoen rallyetan aurkeztutako euskarazko lanen arteko lehiaketa: DemaS.A! Asko dira Euskal Herrian gaur egun antolatzen diren ikus-entzunezkoen rallyak. Epe laburrean sortutako lanak izaten dira hauetan aurkeztutakoak, sortzaile amateurren topagune. Rally eta sortzaileen bilgunea antolatzeko asmoz sortu da DemaS.A.  

 

Mintzatu, praktikatu

Ikasturte hasiera ere izen-emateen garaia izaten da, hurrengo hilabeteetarako planak egin eta gure buruari helburu berriak jartzeko garaia. Helburu horietako bat da euskara praktikatzearena, jende askorentzat. Mintzalagun egitasmoetan izen-emateko kanpaina irailaren bukaeran abiatuko da aurten ere. Hizkuntza ohitura berriak finkatzeko bidean, oso garrantzitsua da egitasmo honek egiten duen ekarpena, urtero 6.000 lagunetik gora baitira Euskal Herri osoko mintza-taldeetan izena eman eta asteroko dinamikatan parte hartzen dutenak. Prest dugu jadanik aurtengo kanpaina, ea gustuko duzuen eta mintzalagunen komunitatea handitzen jarraitzen dugun!

Ez dira gutxi izango udazkenean egingo diren mintzodromo, berbodromo eta antzekoak. Horrelakoak ere prestatzen dihardugu!

 

Zubiak, bideak, ideiak eta auzoak

2016an ariketa interesgarri eta aberasgarria egin genuen: gune ireki batean bildu genituen euskara ezberdin bizi eta sentitzen duten lagunak, jatorri ezberdinekoak eta hizkuntza komunitatearekiko bizipen ezberdinak dituztenak. Zubideiak deitu genion orduko ariketari, ehun lagunen bueltan bildu zituen gizarte-elkarrizketari. Bigarren gune irekia antolatuko dugu aurten, urriaren 20an, Donostiako Miramar jauregian. Zubideiak 2 izango da beraz, aurtengoa. Lan-talde anitza ari da hitzordua prestatzen: Euskaltzaleen Topagunearekin batera Bagera elkartea, Garabide, Gune Irekien lagunak eta Emigrados Sin Fronteras. Duela bi urteko elkarrizketa gogoan, zinez merezi duen hitzordua. 

Baina ikasturte hasiera, aurretik aipatu dugun modura, izen-emate garaia ere bada. Eta Auzoko egitasmoak, etenik ez duen ekimenak, berriro zabalduko du herriz-herri izena emateko aukera. Euskara, aniztasuna eta herritarrak. Horiek dira ekimenaren hiru ardatzak. Euskaratik hurrunago bizi diren herritarrak eta euskaraz bizi den komunitatearen arteko zubiak eraikitzeko jaio zen ekimena eta auzoko taldeek horretan dihardute, elkar ezagutzatik, euskara kohesio hizkuntza modura baliatuz aniztasuna praktikatuz

 

Ostera ere Udagoieneko Ostera

Duela 18 urtetik, udagoienak Ostera dauka Bizkaian. Lurralde honetako areto nagusiak ibili izan dituen kultur zirkuitu honek (ikusi, adibidez, iazko egitaraua) zortzi hitzordu izango ditu aurten, urriaren 27a eta azaroaren 23a artean. Musika eta arte eszenikoak izan ohi dira Udagoieneko Osteraren protagonista eta aurten ere bietako proposamenak egongo dira programazioan. Urrian aurkeztuko da egitarau zehatza. 

Baina kultur zirkuituak ez dira Udagoieneko Osterara mugatzen. Berrikuntza prozesuan murgilduta dagoen Kultur Errotaren urteko bigarren eskainaldia ere prest dago aurtengo udazkenerako. Euskaltzaleen Topagunearen sorrerako egitasmoetakoa da Kultur Errota, klasiko bat, eta herriz herri formatu txikiko kultur eskaintza hedatzen jarraitzen du. Esan bezala, datorren urterako berrikuntzak aurreikusten dira zirkuituan, eta horien prestaketan ere buru-belarri jarraituko du lantaldeak hurrengo hilabeteetan.  

 

Ekimen eta eginkizun gehiago ere baditugu esku artean (kultur emanaldiak, 3blai eta bestelako aisialdiko proposamenak, ginkanak, topaketak, transmisio egitasmoak, urtarrileko Topaldia,….) eta bestelako berrikuntza batzuk ere ekarriko ditu udazkenak (denak ez ditugu aurreratuko, sorpresatarako tartea ere utziko dugu). Galtza bete lan eta ilusio bueltatuko gara oporralditik, beraz. 

Ordurarte, prest eta bizi, gozatu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude