Badator Zubideiak 2

Urriaren  20an euskara modu ezberdinean bizi duten hainbat lagun elkartuko gara Donostiako Miramar Jauregian. Bertan “Bizi euskara zure erara. Zuk nola bizi duzu?” galdera proposatuko dugu abiapuntu modura, Euskal Herrian ofizial diren hiru hizkuntzetan. Gune Irekiaren metodologiaren erabilita egingo dugun gizarte elkarrizketaren honen bidez, euskara eta aniztasunaren inguruan modu ireki eta parte hartzailean hausnartu nahi dugu. Zubideiak 2 gune irekia izango da urriaren 20ko ekimenaren izenburua, duela bi urte egindako lehen ekitaldia gogora ekarriz.  

Bigarren Gune Irekia

2016an ia 100 lagun bildu ziren Leioan Euskara, Aniztasuna eta Elkarbizitzaren inguruko gizarte eztabaida, aske, anitz eta aberats batean. Bertan, esparru ezberdinetako eragile eta norbanakook aukera izan genuen, Gune Irekien metodologiaren bidez gure ilusioak, kezkak, iritziak eta bizipenak partekatzeko eta elkarrizketa horren bidez gure ikuspegia zabaltzeko. Gizarte elkarrizketa horri ZUBIDEIAK deitu genion. Zubideiak-en hasitako ikasketa ibilbidea merezi duela sinistuta gaudelako bidea jarraitu nahi dugu eta zu izan nahi zaitugu bidelagun.

Zubideak 2 Gune Irekirako proposatu den lehen galderatik abiatuta, egun horretan bertaratutakoek zehaztuko dute zein gai landu nahi duten eta denon artean eraikiko ditugu eguneko dinamika eta baita hurrengo urratsak ere. Ze jarrerek laguntzen digute hizkuntza zubiak sortzeko? Nola egin elkarrekin zubiak sortzeko? Nola egin euskara gure? Eguneroko harremanetan hizkuntzak zubi?  Euskaradun ez diren pertsonak nolako harremana dute egunerokotasunean euskararekin?… Asko eta askotarikoak izan daitezke lantzeko gaiak. Partaideen esku egongo da. 

Askotariko eragileentzat topaleku

Emigrados Sin Fronteras, Garabide, Bagera, Gune irekien lagunak eta Euskaltzaleen Topagunea gara ekimen hau bultzatzen ari garen eragileak. Helburu eta eremu ezberdinetako eragileak batu gara ekimenera orain arte. Hala ere, beste erakunde eta lagun ahalik eta gehienak gehitzea nahik genuke. Horretarako Irailak 12 Beasainen Igartza jauregian egingo den aurkezpenera gonbidatu nahi ditugu norbanako zein eragile ezberdinak. Egun horretan urriko hitzordurako deialdia egiteaz gain, Gune Irekiaren gaineko xehetasunak azalduko dira. 

 

Azkenik, urriaren 20an, larunbatean, Donostiako Miramar Jauregian bildu nahi zaituztegu, horren anitzak garen herritarrok euskara nola bizi dugun hausnartzeko eta elkarrekin bide berriak eraikitzeko.

 

 

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude