Leeuwarden hiriko Euskararen Astean parte hartuko du Euskaltzaleen Topaguneak

2018 urteko Europako Kultur Hiriburu den Frisiako Leeuwarden hirian euskararen astea ospatuko da uztailaren 1etik 8ra bitartean. Kultur hiriburutzaren programa zabalaren baitan ospatuko da astea eta hiru erakunderen arteko lankidetzari esker antolatu da egitaraua: Frisiako Afuk (frisiera eta frisiar kultura sustatzen dituen erakundea) eta Euskal Herriko Etxepare Euskal Institutua eta Euskaltzaleen Topagunea dira hiru elkarlankideak. Euskararen astea Leeuwarden hirian kokatu en Language Pavilionen (Hizkuntzen Pabilioia) espazioaren barruan ospatu da, Europako hizkuntza txikien aniztasuna erakutsi, aniztasunaren gaineko kontzientzia landu eta hizkuntza komunitate hauen arteko harremanak estutzea helburu duen pabilioian. 

Ez da berria aurten proposatu den Europako hizkuntza gutxituen eta berauen hizkuntza komunitateen arteko harremana. Izan ere, 2016an Donostiako kultur hiriburutzaren antolaketan zazpi hizkuntza komunitateren arteko ekimen bateratua abiatu zen Tosta proiektuan eta ordutik harremana izan da Frisiako Afuk eta Euskaltzaleen Topagunearen artean. Horiekin batera parte hartu zuten proiektuan Irlanda, Gales, Eskozia, Galizia eta Kornualleseko erakundeak. 

Euskararen astean programazio oparoa

Language Pavilion hiri erdiguneko Prinsentuin parkean kokaturik dagoen egurrezko eraikina da. Publikoari irekita dagoen gune honetara hurbiltzen direnek Europako hizkuntza txikiekin harremana hartzeko aukera dute musika, antzerkia, poesia, irakurketak, hitzaldiak, aurkezpenak, gastronomia eta bestelako kultur adierazpideen bidez. Martxoa eta urria bitartean, astero, Europako hizkuntza txiki ezberdin bat da protagonista. Uztailaren lehen astean izango da, esan bezala, euskararen eta Euskal Herriaren txanda. 

Holandako eskualdeetako hizkuntza eta dialektoen, eta gaelikoa eta sorbiera bezalako hizkuntzen ostean euskararen txanda izango da uztaileko lehenbiziko astean. Ahozko literatura, kantagintza tradizionala eta bertsolaritza izango ditu ardatz euskararen asteak, eta, besteak beste, hitzaldiak, tailerrak eta kontzertuak egingo dira Xabi Paya bertsolaria eta Joxan Goikoetxea musikariaren eskutik.

Uztailaren 1ean hasiko da euskararen astea sorbiar kultura (aurreko asteko protagonista) eta euskal kulturaren arteko topaketarekin. Bi kultura horietan oinarritutako emanaldiak eskainiko dituzte egun horretan.

Uztailaren 4an, asteazkena, Language CafĂ© (Hizkuntzen Kafea) egingo da. Language Pavilionen astero burutzen duten jarduera honetan Xabi Paya eta Joxan Goikoetxeak euskal kantagintza tradizionalean oinarritutako kontzertua eskainiko dute.

Frisia eta Euskal Herriko kultur sortzaileak ekitaldi nagusian

Ekitaldi nagusia ostegunean izango da, uztailak 5, eta bi zati izango ditu. Lehenengo zatian Frisiako hainbat artistak bertako abestiak joko dituzte. Bigarren zatian, euskal artistek Bost hitz izeneko emanaldia eskainiko dute. Kontzertu honetan euskal kulturara leiho bat zabalduko dute, horretarako historia eta bost hitz konkretuk izan duten bilakaera baliatuz (arbola, trena, gerra, emakumea eta hizkuntza). Hitz hauen bidez publikoak Euskal Herriaren bilakaera ulertzeko parada izango du. 

Ostiralean, uztailak 6, Xabi Paya eta Joxan Goikoetxeak bost jarduera labur eskainiko dituzte, bertsolaritza, kantagintza tradizionala eta ahozko literaturari lotuak denak. Lehenengo tailerrak lehen bertsoen grabaketa izango du hizpide, 1926an, eta euskal ahozko literaturaren analisirako material honek duen garrantzia azalduko du. Beste tailer batean Shakespearen soneto famatuak euskarara itzuli eta abesti garaikideen letra bilakatzeko egindako sormen prozesua landuko dute.

Frisiarrek bertsolaritzan duten interesa aintzat hartuaz eta Joxan Goikoetxearen esperientzian oinarrituz, bertsotarako melodiak nola sortu erakusteko tailerra ere egingo dute. Halaber, egun horretan Language Pavilionera hurbiltzen direnek bertsolaritzaren sekretuak ezagutzeko eta euren hizkuntzan bertso bat sortzeko aukera izango dute.

Azkenik, historian zehar bertsolari ezberdinek euren bertsoetan nazioaren ideia nola islatu duten azalduko dute beste tailer batean.

Egun horretan bertan, Donostia Kulturaren Beste Hitzak – Other Words egitasmoak ekitaldi bat antolatu du Language Pavilionen: “Visions of the Basque Country trough Frisian eyes (and words)”. 

Euskararen asteak uztailaren 8an izango du amaiera. Egun horretan Man irlako gaelerari emango dio testigua. Ondorengo asteetan maltera, kornubiera, galegoa eta asturiarra ere pasako dira Language Pavilionetik, besteak beste.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude