Tosta bandak Euskal Herriko lau antzokitan emanaldiak eskainiko ditu

Tosta egitasmoaren bueltan 2016 urtean sortutako Tosta bandak lau kontzertu egingo ditu apirilaren bukaeran Euskal Herrian. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren baitan Europako atlantikoko zazpi hizkuntza komunitateetako sortzaileak jarri ziren harremanetan Tosta egitasmoan. Euskaltzaleen Topaguneak parte hartze aktiboa izan du Tosta proiektuan, bai kultur elkartrukean eta baita nazioarteko kultur egitasmo batean hizkuntzek izan behar duten lekuaren gaineko proposamen berri baten lanketan.

Tosta Bandako kideak 2016an Errenterian eskainitako konzertuan

Orain, proiektu honek emandako emaitza ikusgarrietako bat berriro izango dugu Euskal Herrian. Tosta Bandak lau kontzertu eskainiko ditu datozen egunetan Euskal Herriko lau areto garrantzitsutan. Ondokoak dira emanaldien hitzorduak:

 

Tosta banda

Hizkuntza gutxituak dituzten herrialde eta kulturetako 10 musikarik/ abeslarik osatzen dute Tosta Banda. Denak ere erreferentziazkoak beren lurraldetan, eta elkarrekin partekatzen dutenak beren sustraiak nahastu eta zabaltzeko gogoa. Musika eta dantza ere uztartuko dituzte, Kukai taldeko dantzariak eta dantza zeltako Kornualleseko dantzari bat lagun dituztela.

Kultura horietako instrumentuak, estiloak, erritmoak eta dantzak elkarrekin batuko dira sustrai horietako abestiak berrinterpretatu eta berrasmatzeko. Berriki jarri dute salgai iaz grabatutako diskar ere.

Ondoko musikariek osatzen dute Tosta Banda:

OREKA TX, Harkaitz M. de San Vicente eta Mikel Ugarte (egurrezko eta harrizko txalapartak), Mixel Ducau (alboka, kitarra, klarinetea, saxo eta ahotsa) eta Iñigo Egia (perkusioak).
Ixi Jauregi (txalaparta eta ahotsa)
ESKOZIA: Rona Wilkie (bibolina eta ahotsa).
GALES: Gwilym Bowen Rhys (mandolina, kitarra eta ahotsa).
IRLANDA: Caoimhín Ó Fearghail (irlandako gaita, flauta, buzukia eta ahotsa).
FRISIA: Marit Talens (perkusioak eta ahotsa).
KORNUALLES: Bec Applebee (dantza keltiarra, perkusioak eta ahotsa).
GALIZIA: Mónica de Nut (perkusioa eta ahotsa).

Dantza:
Kukai Dantza-ko bi kide.

 

 

Tosta egitasmoa

“Tosta” hitzak ontzi txiki bateko bankua esan nahi du, eta Europako itsasertz atlantikoko hizkuntza gutxitu askotan agertzen da. Horregatik hartu zuen izen hori Europako atlantikoko zazpi komunitate batzen dituen proiektu honek. Tosta proiektuaren baitan, ondoko zazpi lurraldeetako kultur elkartrukea landu zen: Eskozia, Gales, Frisia, Irlanda, Galizia, Kornualles eta Euskal Herria.

Kultur elkartruke honek hiru ardatz izan zituen: 

Kultur sortzaileen arteko elkartrukeak. Komunitate bakoitzean hautatutako sortzaile batek, beste lurralde batean hiru astetako egonaldia egin zuen kultur sorkuntza lan bat egiteko. Euskal Herrian, esaterako, Eskoziako Sophie Stephenson dantzaria izan genuen 2016ko udaberrian eta bertako musikarien sorkuntza lana Eskoziako dantza tradizionalarekin uztartuz lan bat aurkeztu zuen. Euskal Herritik Galesera joan zen, bestalde, Uxue Arzelus ikus-entzunezkoen sortzaile Donostiarra, eta bi hizkuntzei begira sortu zuen bere lana.

Tosta jaialdiak. Tostako partaide izan ziren zazpi lurraldeak zeharkatu zituen jaialdi honek. Gainontzekoen kultur adierazpideak ezagutarazi eta elkartrukerako ere baliatu ziren jaialdi hauek. Hauetan egin zituen bere lehen emanaldiak Tosta bandak. Euskal Herrian egin zen azken jaialdia, Errenterian, bertan ospatu ohi den Atlantikaldia jaialdiaren barruan. Arrakastatsua izan zen oso, bai jaialdia eta baita bandaren kontzertua ere.

Hizkuntzen gida, “gida ez-perfektua”. Nazioarteko kultur egitasmoetan hizkuntza gutxituen presentzia lantzeko eta nabarmentzeko egitasmoa izan zen hizkuntzen gida. Euskaltzaleen Topaguneak bultzatutako proiektu honek proposamena landu, Tosta jaialdien baitan frogatu eta ondorio guztiak bilduta gida itxura hartu zuen, hainbat gomendio eta proposamen jasotzen dituen gida. Gida ez-perfektua izena hartu zuen eta hainbat hizkuntzatara itzuli zen, praktikan erabiltzeko tresna baliagarria baita.

Proiektuaren azken emaitza izan zen era berean, sortutako dokumentala (ondoko bideoan ikusi ahal duzue laburpen bat).

 


 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude