Euskaltzaleen Topaguneko emakume langileok ere planto

Guk ere bai. Euskaltzaleen Topaguneko lantaldean jarduten dugun emakume langileok martxoaren 8an planto egingo dugula erabaki dugu. Lanuztea elkarrekin erakusteko zenbat balio dugun eta, oraindik ere, zelako gutxi baloratzen gaituzten. Ez gara hainbestek aipatu dituzten eta konpartitzen ditugun arrazoiak errepikatzen hasiko, baina gure errealitatetik saiatuko gara gure motiboak azaltzen.

Bi datu: 

1.- Euskaltzaleen Topaguneko zerbitzu orokorretako lantaldean 31 langiletik 26 gara emakumeak (% 81).

2.- Herrietako zerbitzuetarako kontratatutako langileak 35 dira eta haietarik 20 dira emakumeak (%57).

 

Orotara, orduan, Topaguneko langileriaren %69a da emakumezkoa eta herrietako euskaltzaleen elkarteetako emakumezko langileen bataz bestekoa ere horixe bera da, % 68a. Beraz, gure sektorearen patroia, bete-betean, betetzen dugu: euskaltzaleen mugimenduak emakume aurpegia dauka. Eta horrek bi alde ditu guretzat; iluna eta argia. Biek dakarzkigute martxoaren 8an planto egiteko motiboak:

 

1.- Gizonezkoek, gutxiengoa izanda ere, presentzia nabarmena dute gure botere organoetan: Topaguneko Zuzendaritza Taldean 7 kidetik 4 dira emakumezkoak. Eta Topaguneko Zuzendaritza Batzordean 10etik 4 bakarrik.  Gurean Mugimenduaren zuzendaria eta lehendakaria, biak, emakumezkoak izanik ere, horiexek datuak.

2.- Gure lan-baldintzak hobetu litezkeen arren, badakigu beste hainbat tokitako emakumeek baino lan-baldintza malguagoak ditugula (fitxatu beharrik ez, bakoitzak bere helburuak kontutan hartuta ordutegiak eta egutegiak osatzeko malgutasuna). Zoritxarrez, zenbait emakumek luxu moduan ikusten ditu guk Topagunean dauzkagun eskubideak. Eta horrek ez luke hala beharko. Beste emakume batzuek ere antzeko lan baldintzak bermatuta izan beharko lituzkete.

 

Arrazoi horiengatik Euskaltzaleen Topaguneko emakume langileok planto egingo dugu, lan taldeko gizonezkoak prozesuan lagun ditugula. Deituta diren ekimenetan ere parte hartuko dugu, gainontzeko emakumeekin elkartuta, emakumeon kontrako desberdintasun eta indarkeria moldeen kontra egiteko.

 

2018ko martxoaren 6an,

Euskaltzaleen Topaguneko emakume langileak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude