EuskarAbentura gazte-espedizioan izena emateko epea zabalik

EuskarAbentura espedizioa antolatu dute, 2018ko uztailean Euskal Herriko zazpi lurraldeak zeharkatuko dituen gazte espedizioa. 16 eta 17 urte bitarteko 120 gaztek parte hartuko dute ibilaldian. 31 egunetan Euskal Herria zeharkatzen duten Done Jakue bideak jarraituz, Unescok gizateriaren ondare modura izendatuak dituen gure herriko gune guztiak ezagutuko dituzte gazteek. Gazteen artean euskarazko harremanak sustatzea, hiztunak aktibatzea, Euskal Herriaren gaineko ezagutza sakontzea eta gazte euskaldunen arteko sarea sortzea du helburu ekimenak. Espedizioa antolatzeko EuskarAbentura elkartea sortu dute lurralde ezberdinetako hainbat gazte eragilek.

EuskarAbentura 2018

EuskarAbentura 2018

Aisialdiko ekimen interesgarria izateaz gain, elkarbizitza, kultura eta inguruarekiko harremana izango dira ekimenaren ezaugarri nagusiak. Euskal Herriko historia, geografia eta kulturaren ezagutza lantzeaz gain, herriz herri egingo dituzten geldialdietan bertako elkarte eta eragileekin harreman zuzena izango dute partaideek. 

Espedizioa uztailaren 1ean abiatuko da Mauletik, Done Jakue bidearen ibilbide Frantsesa jarraituz, Donibane Garazi eta Iruñatik igaro eta Vianaraino. Bertatik autobus batek Donemiliaga Kukulara eramango ditu partaideak. Bertan orain arte aurkitu diren euskarazko idazki zaharrenak ikusi ahal izango dituzte. Donemiliagatik Añana Gatzagara igo eta Barnealdeko bidea kontrako norabidean egingo da Iruneraino. Trenez Baionara jo eta handik Kostaldeko ibilbidetik jarraituko da, Kantauri kostalde guztia zeharkatuz, Getxo eta Portugalete batzen dituen Bizkaia zubian amaitzeko, uztailaren 31n. Espedizioa Euskal Herrian kokatzen diren Unescok izendatutako gizateriaren ondare guztietatik pasako da: Done Jakue bidea, Santimamiñeko kobazuloak, Ekaingo leizeak, Altxerriko kobak eta Bizkaiako zubia.

Euskal Herriko eta diasporako 16-17 urteko gazteak

Euskal Herriko zazpi lurraldetako eta diasporako gazte euskaldunek parte hartu ahal izango dute EuskarAbenturan, guztiak 2000 eta 2001 urteen artean jaiotakoak. Izen-ematea doakoa izango da eta aukeratua izateko aurrez motibazio gutun bat eta banakako lan bat aurkeztu beharko dute hautagaiek. Bost lan mota proposatu dituzte antolatzaileek partaideentzat: historikoa, literarioa, ikus-entzunezkoa, plastikoa edo musikala. Eta ondoko hiru gaietako bat landu beharko da:

  • euskara eta zure herria
  • euskara eta itsasoa
  • euskara eta emakumea

Lan bakoitzak bete behar dituen ezaugarriak webgunean zehazten dira.

 

Izen-emate epea martxoaren 18an itxiko da. Aurkezten diren lanen artean 120 aukeratuko dira, genero, jatorri eta lanaren kalitatea kontuan izanda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude