Gazte sortegiak, sormena bizitzeko laborategia Gasteizen

Udaberrian jarriko dute martxan Gasteizko 14 eta 18 urteko gazteei zuzendutako Gazte Sortegiak sormen laborategia. Arabako lau sortzailek gidatuta, egonaldia egingo dute pazko-astean Kanpezuko Ibernalo Aterpetxean. Bertan parte hartuko duten gazteek bertsolaritza, antzerkia, musika eta ikus-entzunezkoen sormena lantzeko aukera izango dute. 

Hiru helburu nagusi ditu topaketa honek:

  • Lagun artean sormena bizitzea
  • Gazte sortzaileen sarea elikatzea
  • Euskararen erabileran eta gaitasunean eragitea

Bost egunetan 20 gaztek parte hartu ahal izango dute sormen laborategian, eta egun bakoitzean arlo bat landuko dute, kultur arlo horretako sortzaile erreferentzial baten eskutik. 

Arabar sortzaileak gidari

Oihane Perea Arabako Bertsolari Txapelketako txapeldunak gidatuko du Bertsoa jolas izeneko sortegia. Bertan ahozko kultur sorkuntzen adierazpide ezberdinen lanketa egingo du. Jon Basaguren musikari eta esatariak letradun musika landuko du Musikaz egin izenpean. Unai Lopez de Armentia antzerkilaria eta Baratza aretoko arduradunak berriz antzerki teknikak landuko ditu Antzerki–aterki izeneko laborategian. Maider Oleaga zuzendari eta gidoilariak ikus-entzunezkoak izango ditu langai Zer daki begiak soinuez? galderaren testuinguruan.

Izena emateko epea zabalik

14-18 urte bitarteko 20 gaztek hartu ahalko dute parte egonaldian 100 € ordainduta. Interesdunek martxoaren 11 baino lehen eman beharko dute izena Oihanederren webgunearen edo sortegiak@oihaneder.eus emailaren bitartez, euren izen-abizenak, jaiotze data, ikastetxea eta kontakturako telefonoa eta emaila zehaztuz. Izen-emate hurrenkera errespetatuko da. 

 

Egonaldia abiapuntu izango da, 2018-2019 ikasturtean Oihaneder Euskararen Etxean martxan jarri asmo dagoen sormen eskolaren bidez jarraipena emango zaio eta. Eskolaz kanpoko ekintza modura antolatuko da eskola hurrengo ikasturtean, astean behin egingo diren saioekin. Eskolen inguruko informazioa aurrerago zabalduko da.

Sormen eskolak bidean

“Gazte Sortegiak, sormen laborategia” egitasmoa Oihaneder Euskararen Etxea, GEU elkartea, Arabako Bertsozale Elkartea, Mintzola Ahozko Lantegia, Euskaltzaleen Topagunea eta Arabagara Arabako euskaltzaleen elkarteen federazioaren lankidetzaren emaitza da.  

Gasteizen bezala, beste zenbait sormen eskola sortu dira (Tolosan lehenengoa) edo sortze bidean daude gaur egun. Bertsozale elkartea, Mintzola Ahozko Lantegia eta Euskaltzaleen Topagunearen artean sustatzen ari dira eskola hauen sorrerak, esperientziatatik ikasi eta Euskal Herri osora zabaltzeko helburuarekin. 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude