Herriz herri euskaltzaleek antolatzen jarraitzen dute

Gero eta gehiago dira herriz-herri egiten ari diren gogoeta saio eta euskaltzaleen elkarteak sortzeko prozesu parte hartzaileak. Euskaltzaleak aktibatu eta antolatzeko saio hauek helburu ezberdinak izan dituzte. Herri batzuetan euskaltzale elkarte berriak antolatzeko helburua jarri diote prozesuari, eta beste batzuetan, elkarteek berarien lehentasunak berrikusteko saioak izaten ari dira. Azken hilabeteotan gainera, Euskaraldia herriz-herri martxan jartzeko prozesuak sortzen ari dira Euskal Herriko eskualde ezberdinetan.

Urte honetan ere egin dira antzeko prozesuak. Ondoko lerroetan aipatuko ditugu horietako batzuk. 

 

Zarauzko euskaltzaleen topagunea

Zarautz, gogoeta prozesuko hainbat partaide

Zarauzko hainbat euskaltzale eta udalaren ekimenez, udaberrian abiatu zen herrian euskaltzaleen topagune bat antolatzeko helburua zuen prozesua. Ekainaren 15ean aurkeztu zen publikoan prozesua, ikusmin handia sortu zuena, 190 euskaltzale batu baitziren Kike Amonarrizek eskainitako hitzaldira.

Ekaineko aurkezpenean bertan izena eman zuten lagunekin talde motore bat osatu zen eta hiru saiotako parte hartze prozesu bat egin da herriko hainbat euskaltzalerekin. Prozesuaren bukaeran, Zarauzko Euskaltzaleen Topagunea sortzea erabaki dute bertako euskaltzaleek eta hiru lantalde jarri dira martxan, lantaldeen koordinazioa eginkizun duen taldeaz gain. Besteren artean, Euskaraldia ekimena abian jarriko dute 2018an.

Zarauzko Udalaren eta herriko euskaltzaleen arteko elkarlana ezinbestekoa izan da prozesu honetan zehar eta Euskaltzaleen Topaguneak dinamizazio lana egin du. Ondoko bideoan jaso da prozesuaren emaitza.

 

 

Aretxabaletako Loramendi elkartearen hitzEGIN prozesua

Aretxabaletako “hitzEGIN” prozesuko partaideak

Aretxabaletan euskararen erabilera indartzeko dinamiken bila ibili dira Aretxabelako hainbat euskaltzale udaberrian egindako “hitzEGIN” prozesuan. Loramendi euskaltzaleen elkartearen ekimenez abiatu da prozesua eta hiru larunbatetan herriko egoeraren diagnostikoa egin, premiazko alorrak identifikatu eta ekimen zehatzak erabaki dituzte partaideek.

Prozesuaren ondoren, bi lantalde martxan daude jadanik: 2018an Aretxabaletan Euskaraldia martxan jartzeko lantaldea da horietako bat eta “bizitza sozialean eragiteko” sortu da bigarrena.

Prozesu hau Euskaltzaleen Topaguneak dinamizatu du, aurrekoa moduan, eta Loramendi elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren partaidetza arloko diru-laguntza jaso du prozesua finantzatzeko. Prozesuaren emaitza bideo batean jaso da:
 

 

Berriatua eta Orozkon ere

Iaz egin zen moduan, Bizkaiko bi herritan Tipi Taupa egitasmoa egon da martxan 2017 urtean ere. Bizkaiko herri euskaldunetan burutzen den proiektu honek Berriatua eta Orozko izan ditu aterpe azken urte honetan.

Bi gogoeta prozesu burutu dira egitasmo honen baitan ere. Orozkoko eta Berriatuako euskaltzale talde banak egin du herriko gogoeta prozesua, hiruna saiotan, urria eta azaroa bitartean.

 

Bermeon abiatzen

Aste honetan bertan martxan jarri da, azkenik Bermeon Euskaraldia antolatzeko helburuarekin prozesua. Azaroaren 14an Kike Amonarrizek egindako hitzaldi batekin eman diote hasiera prozesuari (130 entzule izan ziren hitzaldia jarraitzen); urtarrilaren 24an eta otsailaren 7an egingo diren abiatze saiotarako 40 lagunek eman dute izena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude