Izan kantuz! Zaldibiako herri erronka egingo dute asteburuan

Herri erronka proposatu dute azaroaren 10 eta 11rako Zaldibian: Izan kantuz! 26 ordutako erronka da proposatu dutena eta esaldi bakarrean batu dute: Baietz 26 ordu igaro euskarazko abestiak kantatzen!

Erronka 26 ordu jarraian euskaraz abesten jardutea da. Horretarako, karaoke formatua erabiliko dute, parte hartzea erraztu eta sustatzeko helburuz. Bide batez, Gabi De La Mazak euskarari eta euskal kantagintzari egiten dion ekarpena azaleratzeko ere baliatu nahi da ekimena. Urte asko daramatza Gabik euskal kantagintzako abestiak karaoke formatuan jartzen. Egun, ia 2.000 abesti ditu eskura www.txantxangorria.eus atarian.

Ekimena ostiralean, azaroaren 10ean hasiko da, arratsaldeko 6etan, herri antzokian. Larunbateko arratsaldeko 8ak arte, etengabe arituko dira herritar eta hurbildu nahi duten guztiok euskarazko kantutegia oinarri hartuta, karaoke kate luzea eginez.

Herri Antzokiaren ondoan karpa bat ere antolatu da erronkaren jarraipena egin eta elkargune modura. Era berean, erronkak irauten duen artean zuzeneko jarraipena egin ahal izango da http://www.zaldibia.org/izankantuz webgunean.

Munduko errekorra

Erronka munduko errekorren artean sartu nahi dute bultzatzaileek, eta horregatik, Official World Record elkarteak ziurtatuko du erronkaren gauzapena. Hortaz gain, Euskal Herriko hainbat txokotatik hurbilduko diren hainbat elkartetako ordezkariek egingo dute erronkaren jarraipena 26 orduetan zehar.

Zaldibian erronkaren lehen harria finkatuta, lekukoa hartuko lukeen beste herriren bat animatzea nahi lukete antolatzaileek. Horretarako, IZAN KANTUZ ekimenerako Xanti Ormaetxeak sortu duen egurrezko eskultura lekuko gisa eskainiko dute, erronkak soka izan dezan.

Ekimen herritarra, herri ekimenaren sustrai

Herritik sortutako ekimena da asteburuan egingo dena; eremu adin eta gustu askotariko herritarrek dagoeneko bere egin dute ekimena.  Lantalde zabala eta askotarikoa osatu dugu Zaldibiako herritarrek, eta beso zabalik hartuko dute erronka honetan bere alea jarri nahi duen oro.

26 orduetan zehar, Zaldibiako herritarrez gain, Euskal Herriko hainbat txokotatik hurbildutako lagunek parte hartuko dute. Jadanik iragarri dute parte hartuko dutela Euskal Herri guztiko zenbait kantuzale elkartetako kideek eta baita musikari ezagunek ere.

Izan Kantuz! ekimena aukera ezin hobea izango da azaroaren 10 eta 11an Zaldibiara hurbildu eta bertan parte hartzeko. Animatu zaitezte!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude