Oinherriren jardunaldia urriak 28an Tabakaleran

Oinherri, Herri Hezitzailea Eskola Herritarra ekimenak, jardunaldi berri bat prestatu du. Gogoeta eta ezagutzaren ekoizpen kolektiboa egiten duen taldea da Oinherri, komunitatearen parte-hartzetik eta euskararen erabileratik abiatuz hezkuntza-esparruak sustatzen dituena. Hiru lan-ildotan mamitzen dira proposamenak: hainbat herritan proiektuak sustatzea, teoria eta praktikaren arteko giltzaduraz gogoeta egiten duten koadernoak argitaratzea, eta mintegiak antolatzea. Lehendik ziren bost argitalpenez gain, 2017an bi gehiago egin dira: Jolasa, eskubidea eta errealitatea eta Arte hezkuntza eta prozesu kolaboratiboak. Oinherriren jardunaldia urriaren 28an egingo da, Donostiako Tabakaleran.

Bost koaderno landuko dira

Jardunaldiaren kartela

Jardunaldi honetan, koadernoetako batzuen oinarri teorikoak ezagutarazteko aldi bereko lau lantegi egingo dira:

  • Jolasa: eskubidea eta errealitatea Txusma Azkona: Jolasa misterioa da; oroitarazlea; dibertigarria; jarduera hezigabea; eskubidea; konplexua; errealitatea… Jolasa bizi eta dastatu nahi dugu, eta bide batez, haurren jolasa errespetatzeko talde hausnarketa egin.
  • Arte hezkuntza eta prozesu kolaboratiboak – Tabakalera: Lantegi honetan praktika artistikoak hezkuntza proiektu kolaboratiboetan nola txertatu landuko dugu. Komunitatearen testuingurua kontutan izanda, metodologia, dinamika eta iruditegakbirpentsatuz, ezagutza eta harreman berriak eraikitzeko bidea nolakoa izan daitekeen marraztuko dugu elkarrekin.
  • Nola egin ludoteka parte hartzailea – Txatxilipurdi: Haurren jolas espazio parte hartzaileen ezaugarriak eta helduen rola landuko ditugu tailer honetan, haurren berezko gaitasunak errespetatu, erronken aberastasuna behatu eta helduak bidelagun izanik.
  • Nola egin udaleku parte hartzailea – Amarauna

Eta jarraian, hurrengo koadernoaren gaia: gorputz anitzak bizitzeko modu anitzak aurkezteko eztabaida-mahai bat antolatuko da hainbat gonbidaturekin:

  • Aingeru Mayor (Crysallis EH)
  • Mireia Delgado (Bilgune Feminista)
  • Amelia Barquin (HUHEZI)

Identitate zein gorputz anitzen gaia gaur egun pil-pilean dago. Hezkuntza esparruan landu diren transexualitate eta genero aniztasunari begiradak ezagutzea ezinbestekoa da hezitzaileon formakuntzarako. Oinherri, Herri Hezitzailea Eskola Herritarra egitasmotik gaia plazaratzeko beharra sentitu dugu, ikuspegi hezitzailetik izan ditugun eta dauzkagun esperientziak eta beharreizanak elkar banatzeko asmotan. Aberastea du xede mahai inguruak, lehen pausu bat izatea, norbera aberastu eta egunerokotasunean (ikasgeletan, etxean, kalean…) ekiterakoan hausnartzeko gakoak izateko. 

 

Izen-ematea zabalik

Tailerretan parte hartzeko, aurrez hurrengo loturan dagoen galdetegia bete eta 8 euroko ordainketa egin beharko da: https://goo.gl/forms/mtXy52owtQUm5R142

Mahai ingurura sarrera aldiz librea izango da. Hala ere, lehentasuna izango dute tailerretan izena eman dutenek.

 

Oiherrin, parte hartze zabaleko gune

Oinherriren sorreratik bertatik, Euskaltzaleen Topaguneak eta zenbait bazkidek parte hartu dute ekimenean. Gaur egun ere, Soraluzeko Pil-Pilean elkarteak, Elgoibarko Izarra euskaltzaleen topaguneak, Arrasateko Txatxilipurdik eta Lasarte-Oriako Ttakun elkarteak parte hartzen dute ekimenean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude