Abian da erronka, herrietako batzordeak lanean

Lan-mintegia egin genuen joan den larunbatean, urriaren 7an, EHUk Donostian duen Barriola zentroan. Giro onean joan zen Euskarak 365 egun dinamikaren mintegia, parte hartze handiarekin eta lehen geltokia datorren urtean izango duen erronkari heltzeko gogotsu. Lan prozesua irudikatzeko ariketa izan zen saioa, herrietako batzordeen funtzionamenduaren eta ekimenaren antolaketaren urratsen gainean aritzeko ariketa praktikoa. 

Talde argazkia Donostiako Barriola zentroan

Parte hartzaileen artean aniztasuna: euskaltzaleen elkarteetako kideak, euskalgintzako hainbat eragiletakoak, euskaltzale antolatu gabeak, udaletako euskara teknikariak, erakunde publikoetako arduradunak, zinegotziak,… Antolatzaileon asmoa izan zen guztiak elkarrekin lanean jartzea eta lortu egin zen. Guztira bost lurraldetako lagunek eman zuten izena larunbaterako eta 120 lagun elkartu ginen.

Mintegiaren helburua euskarazko hizkuntza praktikak bultzatu eta hizkuntza ohituretan eragitea xede duen proposamena azaldu eta elkarlanean gakoak eztabaidatzea izan zen, ekimena martxan jarri eta herrietan lanean hasi ahal izateko. Esperientziak bildu, ezagutarazi eta elkarlanak probestu zuen eztabaidaren bitartez, ekimena martxan  jartzeko abiapuntua eskaini zen euskararen erabileran eragitea helburu duen lan ildoaren eskutik.

40 herritan euskaltzale-taldeak lanean

Lan mintegia izan da Donostiakoa, beraz, hurrengo urtean antolatuko den ekimenaren xehetasunak aurkezteaz gain, talde dinamikak izan dira antolakuntza prozesuko hainbat aspektu eztabaidatu eta herri ezberdinetako ordezkarien arteko esperientzia eta iritziak trukatzeko.

Datu bat ere eman zen ekimenaren aurkezpenean: jadanik 40 herri eta eskualdetan aurreikusita daude aktibazio egitasmoak. 2016an egindakoez gain, 2018a baino lehen 40 bat herritan aurreikusten da ekimena martxan jarri edo errepikatzea (iaz eta aurten egindako zenbait herritan, datorren urtean 11 egunez parte hartzeko lanean ari dira jadanik). Olatu baten hasiera izan zen Donostia Egia auzoan abiatutakoa, eta olatua handitzen ari da hilabetetik hilabetera. 

 

Goiz osoko lan-saioa

Goizeko bederatzietan abiatu zen larunbatean mintegia. Gosaritarako harrera eginez, apurka-apurka aretora hurbildu ziren partaideen lehen agurren ondoren lan-saioari ekin zitzaion. Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak eta Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak, Euskarak 365 egun dinamikaren oinarrietako bat aldarrikatu zuten beraien agurretan: elkarlana, gizarte eragile eta administrazio publikoaren arteko elkarlana. Hizkuntza biziberritzeko bidean elkarlan-dinamika berrien beharra aldarrikatu eta egitasmo honetan gauzatu nahi izan dela azaldu zuten erakunde bietako arduradunek. Goizean zehar, behin eta berriro errepikatutako ideia izan zen elkarlanarena, eta horren inguruko esperientzia zehatzak ere azaldu ziren.

Bagera elkarteko Aitziber Gurutzeaga eta Idoia Trenor

Arrate Illaro Euskarak 365 egun dinamikaren koordinatzaileak, Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko Zuzendariak eta Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak hartu zuten hitza ondoren. Maiatzean Udaltop jardunaldietan aurkeztutako proposamena zehaztu eta xehe azaldu zuten 2018ko abendurarte aurreikusten den lan-dinamika. Inertziak apurtuz euskararen erabilera ohituretan eragiteko helburua duen ekimenaren xehetasun eta gakoak eman zituzten, beraz, prozesuan zaindu beharreko ezaugarri eta irizpideak aletuz. Aktibazio egitasmo honen bidez hiztunen hizkuntza praktiketan eragin eta era guztietako entitateen babes neurriak bultzatu nahi direla kontuan hartuz, garrantzia berezia eman zioten herriz herri antolatzen ari diren batzorde eragileei, gizarte eragileak, udalak eta herritarrak biltzen ari diren lan-taldeei. Era berean, dinamika hau ohiko kanpaina ez dela errepikatu zuten behin eta berriro. Norbanakoen hizkuntza praktikatan eragin eta era guztietako entitateen funtzionamendu arau eta ohituretan aldaketak probokatu nahi direnez, aurrez-aurreko lanak duen garrantzia azpimarratu zuten Arrate, Estibalitz eta Jasonek. 

Esperientziak eta ereduak

Goizean zehar orain arte egindako aktibazio esperientzien informazioa eta antolaketa ereduen gaineko ideiak ezagutu ahal izan dira.

Aitziber Gurutzeagak eta Idoia Trenorrek, Bagera elkarteko kide eta Egia auzoko esperientzian parte hartu zutenek, elkarteak argitaratutako bi liburuak aurkeztu zituzten. Esperientzien bilduman eta aktibaziorako gidan oinarrituta, antzeko ekimenak martxan jartzeko hainbat gako azaldu zituzten. Ekimenaren arrakasta aurreko prozesu osoan dagoela azaldu zuten Bagera elkarteko kideek. Aurrelana ondo zaintzea garrantzitsua dela esan zuten.

Ondoren, EHUko euskara erretoreorde Jon Zaratek eta Informatika fakultateko Maite Oronoz eta Hezkuntza eta Kirol fakultateko Pilar Arestizabalek unibertsitatean martxan jarri duten Aktibatu dinamikaren berri eman zuten.

Baina aktibazio dinamikei buruz aritzeaz gain, antolaketa ereduez ere aritzeko tartea egon zen Donostiako mintegian. Bi esperientzia zehatz aztertu ziren horretarako.

Alde batetik, Elgoibarko Euskarak 365 egun batzordeak euren koordinazio esperientzia partekatu zuten. Elgoibarko Izarra euskaltzaleen topaguneko Imanol LarraƱagak eta udaleko teknikari Itziar Agirregomezkortak duela hiru urtetik funtzionatzen ari den batzordearen berri eman zuten. Batzordean biltzen dira herriko euskaltzaleen elkarteaz eta udaleko teknikariez gain, Elgoibarko hainbat elkarteetako ordezkariak, alderdi politikoetakoak, enpresa batetakoak eta hainbat euskaltzale norbanako. Zortzi puntutan azaldu zuten Imanol eta Itziarrek funtzionatzeko modu honen onurak eta gakoak.

Bestalde, Galtzaundi elkarteak Tolosako euskaltzaleen elkarte izatetik eskualdeko euskaltzaleen topagune izatera egindako prozesua azaldu zuen Imanol Artola Galtzaundiko kideak. Urratsa emateko arrazoiak eta bidean aurkitu dituzten aukerak azaldu zituen Imanolek eta Euskarak 365 egun ekimena bide horretan lagungarri izango dela azaldu zuen. Gainera, Tolosako udaleko euskara teknikari Juan Manuel Zalduak udalaren eta Galtzaundi elkartearen arteko harremanaz jardun zuen.

 

Lan-taldeetan ideiak landu eta esperientziak trukatzen

Clownklusioak

Goizean zehar izan zen lanerako aukerarik ere. Parte hartzaile guztiak hamaika lantaldetan banatuta, beste hainbeste herritako batzorde eragileen diseinua egin zuten, funtzionamendua, funtzio banaketak eta antolatzeko modua irudikatuz. Bildutakoen helburua, tokian tokiko errealitateak aztertu eta ekimena bideragarritasunez martxan jartzeko bideak elkarlanean diseinatzea izan zen. Administrazio publiko eta gizarte eragileen arteko funtzio banaketak eta eskualde antolaketa izan zituzten aztergai, besteak beste.

 

Bea Egizabal Clown-ak umorez eta eguneko edukiak laburbilduz bukaera eman zion lan saioari. Parte hartzaileen barre-algarek eta dantzek borobildu zituzten Clownklusioak.

Lan mintegi arrakastatsua izan zen larunbatekoa, ideiak partekatu, lan-programa azaldu eta zalantzak jasotzeko balio izan zuena, eta datorren urte osorako dinamika abiatzeko baliagarria izan zena. 

 

 

Zer da 11 egun euskaraz?

11 egun euskaraz ekimenak helburu zehatza dauka: euskaltzale helduak aktibatzea eta prestatzea, beren eguneroko harremanetan euskaraz aritu daitezen ulertzen duten herritar guztiekin. Horretarako, hamaika eguneko ekimenak gauzatzea proposatzen da, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra.

Ekimena Euskal Herri osokoa izango den arren, tokian tokiko euskaltzaleak izango dira herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak, eta inguru soziolinguistiko bakoitzaren errealitatera moldagarria izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude