Mintzapraktikaren bueltan jardunaldia urriaren 19an Arrasaten

Arrasateko Zahar-Berri egitasmoak 20. urteurrena ospatzen duela baliatuz, Mintzapraktikaren bueltan jardunaldia antolatu du Arrasateko AED elkarteak, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean. Datorren urriaren 19an egingo da jardunaldia, Arrasateko Kulturaten, areto nagusian. Jardunaldian mintzapraktika programen inguruko ekarpenak zein egitasmotik kanpoko eragina zabaltzeko proposamenak ere aurkeztuko dira.

Jardunaldia urriaren 19an egingo da, Arrasaten

Mintzapraktika egitasmoak

Gaur egun oso ohikoa da Euskal Herriko edozein txokotan euskaraz hitz egiten ari diren mintzalagun taldeak ikusi eta entzutea. Izan ere, oso zabaldua dagoen egitasmoa da mintzapraktikarena, 25 urtean bilakaera handia izan duen ekimena. Urte guztiotan, euskara gehiago erabili nahi duten pertsonen inguruan, taldeak sortzen joan dira eta 6.000 lagun baino gehiagok osatutako mugimendu bat hedatu da Euskal Herriko herri eta eskualdeetan. Kide gehiago edo gutxiago dituzten mintzapraktika taldeak ia lurralde guztietan daude hedatuta jadanik.

Ukaezina da urteotan guztiotan mintzapraktika egitasmoak zabaltzen eta sendotzen joan direla, gero eta tresna eta proposamen gehiagorekin hazten joan den komunitate bat dela. 80 egitasmo baino gehiago daude egun, eta hauetako dinamizatzaileen arteko harremana handitzen doa. Topagunearen mintzapraktika batzordetik antolatzen diren formazioa, kanpaina bateratuak eta Mintzaeguna, horren adibide dira. Baita ohiko programen ondoan sortzen joan diren ekimen eta aldaerak ere: guraso-lagunak, mintzakuadrillak, mendi edo bizikleta taldeak eta beste hainbat.

Galderak erantzun eta bide berrien bila

Berriki aurkeztu den mintzapraktika egitasmoetan izena-emateko kanpainan azaldu den modura, mintzapraktika egitasmoetako partaideak, bidelagun eta bidelariak, motibazio ezberdinekin hurbiltzen dira mintzapraktika egitasmoetara, eta sarri, bakoitzaren ekarpenaren eta funtzioaren inguruko zalantza eta galderak sortzen dira partaide hauen artean. Galdera horietako batzuei erantzun nahian antolatu da urriaren 19ko jardunaldiaren egitaraua. Horrekin batera, mintzalagun taldeetatik kanpo euskaraz bizitzeko tresna eta baliabide gehiago ere landuko dira Arrasaten.

Jardunaldia bidelagunen ekarpen eta esperientziekin abiatuko da. Maite Agirre Euskaltzaleen Topaguneko kideak bidelagunek programari eta euskalduntzeari egiten dioten ekarpenak aletuko ditu lehen hitzaldian. Ondoren, hainbat urtetan bidelagun modura aritutako lagun batek bere esperientziaren berri emango du.

Jardunaldiaren bigarren zatian berriz, euskaraz bizitzeko bestelako aukera eta tresnak landuko dira. Izan ere, mintzapraktika proiektuetara hurbiltzen diren lagunen nahia eta gogoa izaten da euskaraz aritzeko gune eta aukerak sortzea. Baina sarri, mintzapraktika taldeetatik kanpo, euskaraz aritzeko zailtasun gehiago izaten dute hainbat bidelarik. Horregatik, Emun kooperatibako Ainhoa Lasak ondoko galderari erantzungo dio bere hitzaldian: “taldeetatik kanpo, nola bizi gehiago euskaraz?”. Azken hitzaldian Lasarteko Ttakun elkarteko mintzalagunaren koordinatzaile Naiara Mugikak, iaz Lasarte-Orian egindako “Irten armairutik” aktibazio ekimenak, herriko mintzalagunengan izan duen eragina aztertuko du. 

Izena emateko epea, zabalik

Goizeko 9,30etik eguerdiko 13.00etara egingo da urriaren 19an jardunaldia, Arrasateko Kulturaten (Areto Nagusian)

Parte hartu nahi duen orok izena eman beharko du aurretik, ondoko hiru bideetako bat erabiliz:

Jardunaldiko egitaraua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude