Atsolorrak sorgindu du IV.Benito Ansolako epaimahaia

Zaintzaren gizarteratzea eta auzolanaren berreskurapena azpimarratzen ditu Ruben Martinez Rosasek, Ereñotzuko atsolorra errituan ardaztutako dokumental egitasmoan. Urriaren 21ean jasoko du, Euskal Zine Bilerako amaiera ekitaldian, IV. Benito Ansola Saria.

“Ereñotzuko amamak direnak, garai horretako argazkiak erakutsiz, nostalgiaz eta miresmen handiz gogoratzen dute oraindik ere atsolorraren tradizioa, Ereñotzun 1970 urtera arte iraun zuena”. Zenbait arrazoik eraginda, ohitura hori galdu egin zen, gaur egunera arte. Izan ere, Hernanitik gertu dagoen Ereñotzu entitate txikiko kideak usadioa berreskuratzeko ahaleginetan dabiltza, baita Euskal Herriko beste zenbait txokotan,  Rubenek berak dioenez.

BA580X195

Rubenen hitzetan, atsolorrak jai izaeraz gain, baditu beste dohain batzuk, auzotarren bizi-kalitatea hobetzen dutenak: “kide berriei onespena eta gurasoei babesa eta elkarrekiko laguntzeko konpromisoa eskaintzea. Laguntzeko konpromisoa, gaur egungo gizartean gehiago ikusi behar den balorea”. Halaber, bestelako zentzua ere badu ospakizun honek: “jaiotza bakoitza, bizipoza izateaz gain, biziraupenaren seinale ere bada. Euskararen eta euskal kulturaren biziraupena, alegia”.

Iragana eta oraina josiz

Dokumentala 2018ko apirilean Ereñotzun ospatuko duten atsolorraren egunean ardaztuko du baina iraganera ere joko du Rubenek: usadioaren inguruko zenbait galderei erantzungo die testigantzak, elkarrizketak eta berregite historikoak kontakizunera ekarrita.

Benito Ansola Sariko epaimahaiak “Atsolorra” proposamenean “auzolanaren berreskurapena azpimarratu izana” goraipatu du “emakumeen arteko elkartasun hori berreskuratu ez ezik, zaintzaren kontzeptua gaurkotu izana, gizarteko eremu denetara ekarriz”.

Saria urriaren 21ean Euskal Zine Bileran

Ruben Martinez Rosasek 40.Euskal Zine Bileraren amaiera ekitaldian jasoko du Benito Ansola Saria: 3000 euroko laguntza izango du “Atsolorra” lana garatzeko eta 2017ko uztailaren 1era arteko epea izango du proiektua osorik bukatzeko.

Jasota hamar lanen artean saria bakarrari ematen zaion arren, epaimahaiak beste guztiak ere aurkeztutako lanak aurrera ateratzera animatu gura ditu. Izan ere, bai Topaguneak, bai Euskal Zine Bilerak ere jarraituko dute euskal kultura zabaldu eta ikus-entzunezkoen ekoizle gazteei laguntza ematen.

Horren erakusle da aurtengo Euskal Zine Bileran elkarrekin gazteentzako espazio berri bat zabaldu izana, Kameratoiaren XIII.edizioa – Euskal Herriko ikus-entzunezkoen rallya- berton antolatuz. Rallyrako izen ematea urriaren 15era arte egongo da zabalik www.kameratoia.eus webgunean.

1 comment for “ Atsolorrak sorgindu du IV.Benito Ansolako epaimahaia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude