Aktibaziorako gida eta esperientzien bilduma argitaratu ditu Bagera elkarteak

Egia auzoan hasitako dinamika gero eta herri gehiagotara zabaltzen ari dela kontuan hartuz, Donostiako Bagera elkarteak esperientzia ezberdinak bildu eta argitaratu ditu. Horrekin batera, aktibaziorako gida bat ere osatu du, antzeko esperientziak martxan jarri nahi dituztenentzako.

Geu elkartea, Gasteizko jaiak (iturria: Alea.eus)

Uztailean argitaratu eta abuztu bukaeran aurkeztutako argitalpen hauen aurkezpenean aktibazio kolektiborako bidean egitasmo hauek egindako ekarpena azpimarratu dute Bagera elkarteko kideek.

Bi liburu, helburu bat

Orain arte egin diren esperientziek iraupen, antolaketa eta izaera ezberdina izan duten arren, bi oinarri izan dituzte: euskaltzaleak aktibatzeko tresna izan dira herritarren hizkuntza ohituretan eragitea izan dute xede. Bestelako ezaugarriak izan dituzte ere: herritarrak protagonista izan dira, erronka modura proposatu dira, ahalduntze ariketak izan dira eta euskararen erabileran eragiteko modu berritzailea proposatu dute. 

Bagera elkarteak orain arteko esperientziak bildu eta gida bat sortu du, egitasmook hedatu eta herri martxan jartzeko helburuarekin. Liburuen aurkezpenean euskalgintzak rol aktiboa hartu behar duela iritzi diote egileek eta xede horrekin egin dutela lana. Ildo horretan, 2018 urterako Euskaltzaleen Topaguneak aurkeztu duen Euskarak 365 egun dinamikaren baitako 11 egun euskaraz elkarrekin ekimenarentzako oso tresna baliagarriak dira.

Ondoko bi liburuak dira aurkeztutakoak:

 

Esperientzien bilduma (iturria: Bagera elkartea)

Hizkuntza ohituretan eragiteko esperientzien bilduma

2016 urtetik aurrera egin diren 10 esperientzia jaso dituzte Nola egin dute? izenburua hartu duen bilduma honetan. Donostiako Egia auzoa, Agurain, Lasarte-Oria, Hernani, Añorga, Arrigorriaga, Trapagaran, Aiaraldea, Donostiako Piratak eta Astigarragan egindako esperientziak dira aztertu eta jasotakoak. Liburu honetan esperientzia hauen informazio zehatza jaso da.

Egitasmo bakoitzaren deskribapen zehatza egiteaz gain, partaideak, antolaketa, finantzazioa eta komunikazioa aztertzen dira. Herri bakoitzean egindako balorazioa eta hurrengo urratsik aurreikusi duten ere jasotzen da errepaso xehe hauetan. 

Hamar esperientziok euskaltzaleen aktibazioa eta hizkuntza praktika aldaketak izan dituzte oinarri, baina proposamen batzuen eta besteen arteko aldeak handiak izan dira. Testuinguru ezberdinetik abiatuta, bakoitzak bere bidea egin du, eta guztietan egin dute euskaltzaleen rol aktiboaren bitartez hiztunontzako espazio eta harreman berriak euskaraz sortzeko apustua. 

 

Aktibaziorako gida

Lorea Agirrek 19. Korrikarako idatzitako mezutik hartutako pasarte bat erabili dute Bagera elkarteko kideek aktibazio gidari izenburua emateko: Ekitea da kontua. Gida modura antolatuta dago, aktibazio egitasmo bat antolatzeko aintzatu hartu beharreko urrats eta aspektu guztiak jasoz. Era berean, jadanik egin diren egitasmoen erreferentziak eta adibideak erabiltzen dira urrats guzti horietan lagungarri izan daitezen.

Hiru atal nagusitan dago banatua gida.

  • Lehenenengoan, gidaren eta egitasmoen oinarriak zehazten dira, egitasmoa martxan jarri aurretik kontuan hartu beharrekoak aletuz.
  • Bigarren atalean ekimenaren diseinuari buruzko argibideak azaltzen dira. Ondoko azpiatalak ditu horretarako: pausoak, errealitateari begirada, proposamen irekia, antolaketa, komunikazioa, mezuen transmisioa, hedabideekin lanketa, komunikazio baliabideak eta partaideak. Atal honetan lotura eta baliabide ugari aurkitu daitezke.
  • Hirugarren atala balorazioari eta hurrengo urratsei buruzkoa da.

 

Liburu biek ikuspegi oso eta oso didaktikoa eskaintzen dute, herriz herri martxan jarri nahi diren antzeko ekimenak abiatzeko kontuan hartu beharrekoez. Liburuak paperean eskuragarri daude, baina sarean ere jarri dituzte egileek, edonork eskura izan ditzan.

 

 

 

1 comment for “Aktibaziorako gida eta esperientzien bilduma argitaratu ditu Bagera elkarteak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude