Kontsumo ohitura eta eredu berriei ekarpena egiteko sortu da Baduzu

Euskaraz kontsumitzea ere irizpidedun kontsumitzaileen ezaugarri da

Ukaezina da gaur egun alor sozioekonomikoak edo lan-munduak gure bizitzan duen leku handia. Eta esparru hori euskalduntzeko bidean, badira eragile batzuk zeresan eta zeregin berezia dutenak horretan: bezeroak, langileak, enpresak eta administrazioa. Eragile horien inplikazioaren eta jarreraren araberakoa izango da hein handi batean, lan-munduaren euskalduntzearen bilakaera.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren, Bai Euskarari Ziurtagiriaren eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren elkarlanaren fruitu dira www.baduzu.eus webgunea eta gailu mugikorretarako aplikazioa, euskal kontsumitzaileen kluba deitu dena. Izan ere, bakoitzak bere eremuan, euskararen normalizazioa dute helburu hiru erakundeok eta, bide horretan, Baduzu alor sozio-ekonomikoan eragiteko xedez sortutako tresna da; nagusiki, kontsumitzaileengana zuzendutakoa.

Izan ere, hauexek Baduzuren helburuak. Batetik, euskaraz saldu eta erosi nahi dutenak saretzea eta harremanetan jartzea. Euskarazko kontsumo komunitatea eraiki eta aktibatzea. Bestetik, herritarrak sentsibilizatzea euskara kalitatezko kontsumoaren ikur eta horretarako irizpide dela; finean, euskara kontsumo irizpidedun edo kriteriodunaren ezaugarri dela.

Eta zer topatuko du ba kontsumitzaileak www.baduzu.eus webgunean? Euskal Herriko 4.000 establezimendutik gora, beren euskara mailaren arabera sailkatuta. Bai Euskarari Ziurtagiria duten establezimendu guztiak bertan daude. Herritarrek establezimendu berriak ere gehitu ditzakete, baita daudenak baloratu ere. Behatokiaren Akuilari aplikazioaren bitartez egiten diren kexa edota zoriontzeak ere Baduzun agertzen dira. Direktorio horrez gain, foro bat dago ekarpenak egin eta kontsumitzaileak harremanetan jarri ahal izateko.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude