Hizkuntza ohituratan eragiteko elkarlaneko ekimen berria aurkeztu da

Hizkuntza-ohitura eta erabilera-praktikatan eragiteko proposamen berria aurkeztu dugu Euskaltzaleen Topaguneak eta  Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Udaltop udaletako euskara zerbitzuen topaketatan aurkeztu dugu proiektua, euskara zerbitzuetako arduradun eta euskararen gizarte eragileen hainbat ordezkariren aurrean.

Argazkiaren iturria: Udaltop

Euskarak 365 egun dinamikaren baitan euskararen erabilera soziala areagotzeko eta hizkuntza praktika berriak bultzatzeko ekimen ezberdinak bultzatuko ditugula iragarri dugu erakunde bietako ordezkariek. Herriz-herri hizkuntza ohiturak aldatzeko martxan jarri diren esperientziak oinarri hartuta, hurrengo urteetan ekimenok hedatu eta euskararen lurralde osoan elkarrekin eragiteko proposamena da gaur aurkeztutakoa. Lan ildo berri honetan herritarren hizkuntza ohituretan eragiteaz gain, gizarteko era guztietako erakunde eta entitateek hizkuntza praktika berriak bultzatzeko neurriak hartzea sustatuko dela azpimarratu da.

Udaltop topaketan hizkuntza ohiturek euskararen erabileran duten eragina nabarmendu da, eta gaur aurkeztutako egitasmoak zuzenean landu nahi ditu hizkuntza portaera eta ohiturak. Horretarako, hurrengo bi urteetarako ekimen eta erronka zehatzak iragarri dira.
“Baietz 11 egun euskaraz elkarrekin!” ekimena izango da lehenengoa, herritarrak beren harremanetan euskara erabiltzeko hizkuntza praktika berriak proposatuko dituena. Azken urtean hainbat herritan egindako esperientziak oinarri hartuta (Donostiako Egia auzoan, Agurainen, Lasarte-Orian, Hernanin edo Arrigorriagan, besteak beste, izan dira antzeko proiektuak), Euskal Herri osoan aldi berean burutzea da proposatutako lehen erronka.
Erabilera praktika berriak erraztuko dituzten neurri sozialak hartzera gonbidatuko dira era guztietako erakunde eta eragileak ondoren, bigarren erronkan.

Egitasmoaren aurkezpenean, abiatutako elkarlanaren garrantzia ere azpimarratu da. Eusko Jaurlaritza eta Euskaltzaleen Topagunearen arteko elkarlanetik sortutako egitasmoa, administrazio publiko eta euskararen gizarte eragileen parte hartzera zabalik dago. Proposamen irekia dela azaldu du Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak, eta Udaltop topaketek balio izan dute bertaratuek lehen ekarpenak egin ahal izateko. Euskaltzaleen Topaguneko Iker Martinez de Lagosek, hurrengo hilabeteetan ekimenaren koordinatzaileek ekarpenak jasotzen jarraituko dutela adierazi du, ahalik eta eragile gehien proiektura batzeko helburuarekin.
Kike Amonarrizek gidatutako aurkezpena hizkuntza-ohituren aldaketa aztergai izan dituen Udaltop topaketaren bigarren egunean egin da.

Sarean jarri da proposamenaren txostena (pdf)

Udaltop-en egindako aurkezpena bideoan ikus daiteke: 

 

 

Euskarak 365 egun: hizkuntza-ohiturak eta gizarte aktibazioa Euskal Herrian eta elkarrekin lantzeko proposamen berria from Udaltop on Vimeo.

5 comments for “Hizkuntza ohituratan eragiteko elkarlaneko ekimen berria aurkeztu da

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude