Maiatzean aurkeztuko dugu aktibazio-egitasmo berria

Maiatzaren 11 eta 12an Lasarte-Orian ospatuko den Udaltop jardunaldia baliatuko dugu Euskaltzaleen Topagunea prestatzen ari den gizarte-aktibazio egitasmo berria aurkezteko. Euskarak 365 egun ekimenetik abiatuta, eta herriz herri aktibatzen ari diren dinamikak aintzat hartuta, hizkuntza praktikaren bueltan euskaltzaleak aktibatzeko proiektua da prestatzen ari garena. Egitasmoaren oinarria, euskalgintzako eragileen arteko elkarlan sare zabala izatea dugu helburu. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin ari gara proiektuari forma ematen, eta esan bezala, Udaltop jardunaldian aurkeztuko dugu proposamena. Era berean, Topaguneko bazkideen ekarpenak bilduko ditugu prozesuan zehar.

Aurten hizkuntza ohituretan aldaketa eragiteko herrietan martxan jarri diren egitasmoak aztertuko dira Udaltop jardunaldian eta lehen egunean egitasmo horiek aurkeztu ondoren, bigarrenean egitasmoaren nondik norakoak azaldu eta dinamiken bidez ekarpenak egin eta egitasmoa aberasteko aukera egongo da. Horregatik, mugimenduko kideei gonbitea egin nahi diegu jardunaldian parte hartzeko.

Azken urtean hainbat dira hizkuntza ohituretan aldaketa eragin eta hiztunak ahalduntzeko martxan jarri izan diren egitasmoak. Donostiako Egia auzoan martxan jarritako Egian euskaraz bizi dinamikari, Agurainen (75 ordu euskaraz), Hernanin (euskara ari du), Lasarte-Oria (irten armairutik), Arrigorriagan (baietz 365), AƱorgan, Astigarragan eta Errenterian (aste BatZuk) egindakoek eman diote segida. Abiapuntu berdina izan arren, izaera eta metodologikoki ezberdinak izan dira ekimenok, eta Udaltop erabiliko da hauek aztertzeko. Aukera paregabea hurrengo hilabete eta urteetarako gizarte aktibazioa helburu duten egitasmo berriak sortzeko oinarriak jartzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude