Gizarte aktibaziorako proiektu bat prestatzen ari gara

Euskarak 365 egun ekimenetik abiatuta, eta herriz herri aktibatzen ari diren dinamikak aintzat hartuta, hizkuntza praktikaren bueltan euskaltzaleak aktibatzeko proiektu bat ari gara prestatzen. Egitasmoaren oinarria, euskalgintzako eragileen arteko elkarlan sare zabala izatea dugu helburu. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin ari gara proiektuari forma ematen, eta Udaltop jardunaldian aurkeztuko dugu proposamena. Era berean, Topaguneko bazkideen ekarpenak bilduko ditugu prozesuan zehar.

Maiatzaren 11n eta 12an izango da Udaltop, Lasarten, eta hizkuntza ohituretan aldaketa eragitea izango du aurtengo gaia. Bertan, besteak beste, Agurainen 75 ordu euskaraz eta Lasarteko Irten hizkuntzaren armairutik esperientziak aurkeztuko dituzte. Lantzen ari garen proposamena irekia eta moldagarria izango da, ahalik eta kolektibo gehienek bere egin eta elkarrekin hizkuntza praktikan jauzia eman dezagun. Topaketan, iritziak eta bestelako planteamenduak biltzeko aukera egongo da, aurkezpenaren osteko solasaldietan.

Udaltop jardunaldian izena emateko epea apirilaren 3an zabalduko da. Informazioa webgunean aurki daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude