Benito Ansola Sariaren IV.edizioa abian da

Proiektuak aurkezteko epea ekainaren 2ra arte egongo da zabalik eta irabazleak 3000 euroko saria jasoko du aurkeztutako lana gauzatzeko. Euskal Zine Bileraren 2017ko ekitaldi nagusian jakinaraziko da irabazlearen izena.

 

Benito Ansolak  hiru ediziotan beka jaso duten gazteei bidea zabaldu die ikus-entzunezko berriak ekoizteko. David Zabala, Paul Urkijo eta Aitor Gametxo lekeitiarrak eta Joseba Ubeguraga gernikarra dira horren adibide, baita Maider Fernandez, Maria Elorza eta Irati Cano donostiarrak ere. 

Eta badator laugarren edizioa, betiko bi helburu sendoekin: euskal kultura zabaltzea eta gazteei euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizten laguntzea. Euskaltzaleen Topaguneak, Lekeitioko Udalak eta Euskal Zine Bilerak antolatu dute, EHUko Mikel Laboa katedraren babesarekin, eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren laguntzarekin.

 

Euskal Zine Bileran

Amateurrak profesional bihurtzeko baliatu dezakeen giltza da Benito Ansola, euskarazko zinemagintza bultzatzeko Saria: irabazleak, 3000 euroko saria jasotzeaz gain, bere lanaren gaineko ikusmira sortuko du, Euskal Zine Bileran estreinatuko baita gauzatzen duen proiektua

Hemezortzi eta hogeita hamasei bitarteko gazteek parte hartu dezakete eta  proiektuak 2017ko ekainaren 2a baino lehen aurkeztu behar dituzte. Benito Ansola Sarien oinarriak hemen daude osorik eskuragarri.

Irati Cano, 3.Benito Ansola sariko irabazlea, saria jasotzen Benito Ansolaren eta Aritza Escandonen eskutik.

Saritutako proiektuaren  izena 2017ko Lekeitioko Euskal Zine Bilerako itxiera ekitaldian jakinaraziko da. Irabazleak, izendapena jaso eta 2018ko uztailaren 1era  bitarteko epea izango du ikus-entzunezkoa bukatu eta antolakuntzari helarazteko.

Benito Ansola sariaren azken edizioa Irati Canok  (Donostia, 1993) irabazi zuen “Leihoak” proiektuarekin.

Benito Ansola Lekeition jaio zen 1928an. Humanitateak, Filosofia eta Teologia ikasi zituen Bergaran eta Gasteizen. Lekeitioko parrokoa izan da 24 urtez, euskal zinema bete-betean bultzatu du, eta zinegintza irakaslea izan da Markinako Lanbide Eskolan. 1978an, Euskal Zinema Bilera antolatzen hasi zen Lekeition, ikasle ohi batzuekin.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude