Tostaren hizkuntzen erabilerarako gida eta dokumentala aurkeztuko ditugu gaur

2016an Tosta proiektua gauzatu genuen Donostia 2016 eta Europako Atlantikoko bestelako sei hizkuntza gutxiturekin elkarlanean. Galiziera, irlandera, eskoziar gaelikoa, kornubiera, galesera, frisiera eta euskara elkartu genituen eta, bizitako esperientzietan oinarrituta, hizkuntza irizpideen gida eta dokumentala osatu ditugu Tostako bazkideok. Gaur aurkeztuko ditugu bi lanak, Donostiako Antzoki Zaharrean, arratsaldeko 19:00etan. Sarrera doakoa izango da.

“Gida ez-perfektua”, nazioarteko proiektuetan ari diren eta hizkuntza gutxituekiko errespetuzko kudeaketa sustatu nahi duten kultur eragileei zuzendutako praktika proposamena da. Euskaltzaleen Topaguneak gauzatu du, eta hizkuntza ekologiaren teorian oinarrituta, Tosta ekimeneko irizpideak eta bizipenak batu dira gidan. Zazpi hizkuntzatan argitaratuko da.

“Tosta” dokumentala, berriz, ekimenak Atlantikoan barrena egin duen bidaiaren kronika da. Jorge Fernandez Mayoral zuzendariaren lanak Tostako hizkuntza-komunitateen  errealitatea islatzen du, euskarazko azpidatziekin emango da eta ordu beteko iraupena dauka.

Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna da otsailaren 21a.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude