Euspot lehiaketaren seigarren edizioa martxan, “aniztasunak aberastu egiten gaitu” lelopean

Aurkeztu da Euspot 2017ko edizioa. Publizitatea, sormena eta euskara uztartzen dituen spot lehiaketaren seigarren edizioa martxan da. “Aniztasunak aberastu egiten gaitu” lelopean abiatu da aurtengo euskarazko spot lehiaketa

Lehiaketaren seigarren edizioa berrikuntza ugarirekin etorri da. Batetik, Euspotek webgune berria estreinatu du: http://www.euspot.eus/. Bestetik, gazteen saria BHklip saria izatera pasa da. Hain justu ere, Debagoieneko Arizmendi Ikastolak, orain arte BHklip lehiaketaren antolatzaile nagusiak bat egin baitu lehiaketarekin. Hartara, lehendik babesle ziren enpresa eta erakundeei batu zaie: Arteman, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea, Aretxabaletako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Aurtengo gaia: “Aniztasunak aberastu egiten gaitu”

Aurten, Euspot lehiaketak aniztasunaren gaineko lanak jaso nahi ditu. Iragarkiak balioko du aniztasunaren alde edo edozein motatako diskriminazioaren aurka hausnartzeko eta sakontzeko. Betiere norbera errepikaezina eta desberdina izatea aniztasunarentzat aberasgarria dela ulertuz. Iragarkiak ondorengo ideia edo balioak transmititu beharko ditu:

  • Aukera berdintasuna

  • Aniztasuna

  • Diskriminazio eza

  • Elkarbizitza

  • Gizarte-kohesioa

  • Giza eskubideak

  • Elkarkidetasuna

Lanak aurkezteko epea

Aniztasunak aberastu egiten gaitu’ lelopean, parte-hartzaileek apirilaren 26ra bitartean izango dute aukera euren lanak egin eta aurkezteko. Guztira, iazko bidetik jarraituz, Euspotek 2.250 euro banatuko ditu saritan, lau kategoria ezberdinetan. Aurten, sari banaketa ekitaldia maiatzaren 11n egingo da, Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan.

Lau sari banatuko dira:

1.- Spotik onena. / 1.000 euro

2.- Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena. / 500 euro

3.- Publikoaren saria. / 500 euro

4.- BHklip saria (14-18 urte) / 250 euro

Parte-hartu nahi dutenek, lehiaketako briefa eta oinarriak Euspoteko webgunean dituzte eskuragai. www.euspot.eus/parte-hartu loturako galdetegia bete beharko dute lana aurkezterakoan. Informazio gehiago www.euspot.eus atarian lor daiteke. Imajinazioa martxan jarri eta ikus-entzunezko teknikak hobetzeko aukera paregabea da Euspot; aurten gainera, aniztasunaren gaiari hedapen handiagoa emateko balio izango du spot lehiaketak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude