Kultur Errota zalantzan

Kultur errotaIa bi hamarkadaz euskal kultura transmitituz eta bultzatuz aritu ostean, aurten ere Kultur Errota abiatu egingo da, zalantzaz josita bada ere. Euskara elkarteak, sortzaileak eta euskaltzaleak kulturaren bueltan saretzen dituen Errota; zenbaiti  euskarazko aisialdiaz  gozatzeko lehen aukera ekarri dien Errota, kolokan dago.

Orain arte, Euskal Autonomi Erkidegoko hiru Foru Aldundien  diru laguntza jaso izan du Kultur Errotak (Gipuzkoakoarena urtearen arabera), baita Eusko Jaurlaritzarena ere. Diru laguntza horiei esker, Euskaltzaleen Topaguneak bere bazkideei  prezio merkeagoan eskaintzen  dizkie kultur ikuskizunak. Eta, horri esker, euskaltzaleen elkarte askok euskarazko kultura ekarri ahal izan dute, orain arte, beraien herrietara. Horrela funtzionatu du Kultur Errotak 19 urtez, eten barik.

Baina urte berria ezinegonez hasi dugu. Geure Errota geldi geratuko ote zaigunaren kezkaz. Izan ere, 2016ean Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen Kultur Errota diruz ez laguntzea. Eta diru laguntza hori jaso ezean, ez genuke nahikoa finantziazio izango Errota mugitzeko. 

2016ko ekainean, erabaki horren berri izan bezain pronto, Euskaltzaleen Topagunea Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin jarri zen harremanetan, diru-laguntza berreskuratu eta egoera bideratzeko. Baina urte berria oraindik erantzunik jaso barik jarraitzen dugu (horretan ari gara).

Beraz, Kultur Errotak martxan jarraituko du datozen sei hilabeteetan, baina  finantziazioan jaitsiera handiarekin: soilik Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundia izanik bidelagun.

Urak bideratzea lortzen bada, Eusko Jaurlaritzak Kultur Errota diruz laguntzen jarraitzen badu, bigarren seihilabetekoan berriz ere kontuan hartuko litzateke finantzaziorako. Momentu honetan proiektua arriskuan dagoela jakitun gara eta, agintari berriek erabakiak hartu bitartean, ziurgabetasuna da nagusi.

Hauek dira, momentuz, dauzkagun berriak. Zalantza artean hasiko dugula urtea, baina Errotaren jarduera bere onera itzuliko denaren itxaropena galdu barik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude