Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren aurkezpena

protokoloaAbenduaren 17an aurkeztuko da Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa, Donostiako protokoloa. Jakina denez, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloak 1996an Bartzelonan onartutako Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala izango du oinarri eta berau garatzeko sortu da.

Europako hainbat gizarte eragilek azken urtean zehar egindako lanaren emaitza izango da abenduan Donostiako Kursaal jauregian aurkeztuko den Protokoloa. Izan ere, Bartzelonako Deklarazioa bultzatu eta sortu zenean markatutako ereduari jarraituz, gizarte eragileen protagonismoa izan da nagusi Protokoloaren osaketan. Kontseiluak Donostia 2016ren babesarekin sustatutako egitasmoa izan da hau eta ondoko eragileek osatu dute batzorde antolatzailea: UNPO (ordezkaritzarik gabeko nazioen eta herritarren erakundea), Linguapax international, PEN international, ELEN (Europako hizkuntza berdintasunaren aldeko sarea), CIEMEN eta ECMI (gutxiengoen gaietarako Europako zentroa).

Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak jasotzen dituen 7 arloek osatuko dute Donostiako Protokoloa: Printzipio orokorrak, Administrazioa eta Instituzioak, Hezkuntza, Arlo Sozioekonomikoa, Onomastika, Hedabideak eta Teknologia berriak eta Kultura. Protokoloan, eskubideen zerrendatzea izan ordez, eskubide horiek egikaritzeko neurriak jasoko dira. Arloz arlo gizarte eragileek hiztunen hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak proposatu dituzte eta Batzorde Zientifikoaren aholkularitza lanari esker ekarpen guztiekin Protokoloa osatu ahal izan da.

protokoloa_aurkezpena

Protokoloa guztiz osatuta dago jadanik eta ekarpenekin parte hartu duten Europako gizarte eragile guztiei bidali zaie, atxikimendua eman dezaten.

Kontseiluak, Donostia 2016k eta Protokoloa osatzeko ardura izan duen Batzorde Antolatzaileak abenduaren 17an Donostiako Kursaal jauregian egingo den ekitaldian parte hartzeko deia egin die euskaltzale guztiei. Europako hizkuntza gutxituen garapenerako tresna ezinbesteko izateko sortu den Protokoloari ongi etorria emateko aukera paregabea izango da.

Hurrengo egunetan zabalduko da ekitaldian parte hartu ahal izateko izen-ematea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude