Durangoko Azokak boluntario kanpaina jarri du martxan

durangokoazoka51Durangoko Azokak iazko esperientzia aberasgarria errepikatuko du aurtengo edizioan ere. Iaz, lehen aldiz, boluntariotza-programa abiatu zen Azokan, eta erantzun bikaina jaso zen kulturzale eta euskaltzaleen eskutik: dozenaka lagun izan ziren Azokaren antolakuntzan lanean, kulturaren plaza barrutik ezagutzen, eta 50. edizioa denon artean borobiltzen.

Iazko arrakasta ikusita, aurten ere Azokak boluntariotza-programa martxan jarriko du. Izen-ematea urriaren 10etik azaroaren 15era arte izango da, eta nahi duten lagunek Azokako zereginetan lagundu eta Azokako erritmo bizia bizitzeko aukera izango dute.

Hauek izango dira boluntarioak bete ditzaketen funtzioak:

  • Harremanak: Bisitariei programa, sinadura, erakusleihoen kokapena eta abarrei buruzko informazioa ematea da zeregin nagusia. Boluntarioak leku ezberdinetan egongo dira: gune ezberdinetatik mugitzen, informazio-puntuan eta abar. Horrez gain, bestelako zereginak ere izan ditzakete: E-liburutegian lagundu edo Areto Nagusiaren prestaketan parte hartu, besteak beste.
  • Azpiegiturak: Durangoko Azokaren antolaketa logistikoari lotutako zereginetan laguntzea, esaterako: aparkalekuetako zaintza, Azokaren ate irekierak, erakusketetako objektuen zaintza, eta abar.
  • Komunikazioa: Komunikazio lan taldearekin harremanetan, Durangoko Azokaren informazioa zabaltzeko egingo diren ekintzetan laguntzailea. Azokan bertan lokuzio lana egiteko, euskarri ezberdinetako erreportajeak egiteko, eta baita arlo birtualean lana egiteko aukera egongo da, esaterako, sare sozialetan jarraipenak egitea edota webgunea bera elikatzea, Azokaren jarraipena eginez.

Izena emateko epea zabalik dago jada eta azaroaren 15era arte luzatuko da, eta www.durangokoazoka.eus webgunearen bidez egin beharko dira. Lehenengo urratsa erregistratzea izango da (“kontua sortu” estekan klik eginez) eta horren ostean galdetegia bete beharko da. Azkenik, nahiago duzun txanda eta zeregina aukeratu ahal izango duzu.

Partehartzaileek 18 urte baino gehiago izan beharko dituzte, eta euskaraz komunikatzeko gai izan beharko dira. Txanda bakoitza hiruzpalau ordukoa izango da (boluntarioaren esku egongo da txanda bat baino gehiago egitea), eta boluntario bakoitzak motxila bat jasoko du, ura eta mokadutxo batekin. Horrez gain, aurtengo kartelaren irudia duen identifikaziorako kamiseta ere banatuko zaie, eta beharrezkoa dutenek boluntariotza-agiria ere jasoko dute (Azokan boluntario lanetan egon direla baieztatzen duen agiria), gura duten lekuetan aurkez dezaten.

Azoka heldu baino lehen, boluntarioen koordinazio taldeko kideak izena eman duten parte-hartzaileekin harremanetan jarriko dira (e-postaz, telefonoz zein aurrez aurre) zereginaren xehetasun guztiak jakinarazteko. Egunean bertan ere, harrera puntuan, argibideak jasoko dituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude