Aurtengo Kameratoian 85 bat gazte arituko dira

Abenduaren 3an izango da Euskal Herriko ikus-entzunezkoen rallyaren aurkezpena eta 6an sari banaketa. Parte hartzaileek 48 ordutan egin beharko dute film laburra eta antolakuntzari entregatu. Guztira 23 talde aurkeztu dira piztia pizteko gogoz. XII.Kameratoia basati-basatia dator!

Irudienean ospatuko da laugarrenez, Durangoko Azokako ikus-entzunezkoen gunean. Piztu piztia! Lemapean, aurten irudimena eta barruko “piztia” askatzera deitu ditugu gazteak.  Gutxi gora behera, 85 bat partehartzaile espero ditugu aurten, gehienak Gipuzkoatik eta Bizkaiatik etorriko dira. Emakumezko eta gizonezkoen parte hartze mailari dagokionez, berriz, 36 emakumezko eta 49 gizonezko zenbatu ditugu.

Datorren larunbatean, beraz, hasiko da abentura gazte hauentzat. Goizeko 10:30ean izango da XII. Kameratoiko gaiaren eta ezaugarrien aurkezpena eta ekitaldia bukatu bezain pronto, Rallyari hasiera emango zaio. Film laburrak egiteko 48 ordu izango dituzte eta abenduaren 5eko 12:00ak baino lehen entregatu beharko dituzte.

 

Sari banaketa, berriz, abenduaren 6an izango da, Irudienean -Durangoko Zugaza zineman- 18:00etan hasita.  Bertan, jasotako lan guztiak proiektatuko dira eta epaileek berton erabakiko dute zeintzuk diren hiru lan onenak.  Sarrera librea da etorri nahi duenarentzat!

Aurten 2600 euro banatuko dira  hiru talde onenen artean, baita publikoaren saria ere… Kameratoilarien artean hain preziatua den aitortza hori! Toki Komunikabideen bateraguneak, Gerediaga Elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak banatuko dituzte sariak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude