Tosta ekimena, Europako hizkuntza txikiak elkarlanean

Tosta, Europako Atlantikoko zazpi hizkuntza txikik elkarlanean osatu dugun ekimena da. Donostia 2016rekin batera, hizkuntza aniztasuna ospatu eta aldarrikatu dugu Galizia, Gales, Eskozia, Irlanda, Kornualles, Frisia eta Euskal Herriko hizkuntzetako zenbait eragilek. Kulturgintza oinarri hartuta, urte hasieratik hona sortzaile egonaldiak eta jaialdiak antolatu ditugu komunitate guztietan.

Tosta ekimena, zergatik?

Proiektua osatzen dugun eragileek gure komunitateetan tokiko hizkuntza eta kultura sustatzea dugu helburu. Ekimen honek bi egiteko nagusi ditu: batetik, Europako hizkuntza aniztasuna azaleratu nahi dugu, gure hizkuntzak bultzatuz; eta bestetik, pareko egitekoak ditugun eragileen arteko elkarlana bultzatu nahi dugu, harreman honen bidez elkar indartu eta elikatuz. Aurrera begira lankidetza bide berriak landu nahi ditugu.

Eta zergatik Tosta izena?

Bitxia izan arren, proiektua osatzen dugun hizkuntza komunitateek komunean dugun hitza da. Berdin edo antzera idatzita, itsasoarekin lotutako esanahia du hitzak gure eremuetan. Euskaraz, arraunlariak traineruan kokatzen diren bankada da.

Sortzaile egonaldiak eta jaialdiak

Tostaren ibilbideak bi geltoki nagusi izan ditu: udaberrian, sortzaile egonaldiak; eta udan, jaialdiak. Egonaldiei dagokienez, komunitate bakoitzak artista bat bidali eta beste bat hartu zuen, zazpi lagun guztira; hauek, hizkuntza eta kultura txikiekin lotutako obra bana sortu zuten.

Maiatzetik irailera bitartean, berriz, jaialdiak izan ditugu. Asteburu honetan, hain zuzen, Galiziako Riaxo herrian dago Tosta. Euskal Herriko jaialdia, guztietan azkena, irailaren 22tik 25era izango da, Errenterian. Bertako Lau Haizetara euskaltzaleen elkarteak parte hartze zuzena izango du.

Hizkuntza irizpideen lanketa

Ekimenean zehar hizkuntzak erabiltzeko, konbinatzeko eta itzultzeko irizpideak bildu dira. Tostan frogaldia egin eta osteko ebaluaketan ikasitako lezioak gehituko zaizkio. Jaialdiak bukatzean, nazioarteko kultur proiektuetarako kudeaketa linguistikoari buruzko gida proposamen bat osatuko da.

Kontseilua, Donostia 2016rekin elkarlanean

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren baitan euskararekin lotutako proiektuak koordinatzen ditu Kontseiluak. Besteak beste, Tosta, Hitzargiak eta Hizkuntza Eskubideen Protokoloa dira ekimen horietako batzuk.

Tostaren webgunea: http://tosta2016.eu/

 

 

2 comments for “Tosta ekimena, Europako hizkuntza txikiak elkarlanean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude