Udazkena prestatzen

Opor giroa nabarmena da azken asteotan: herrietako jaiak non-nahi, auto karabanak hondartza bideetan, ohi baino jende gehiago mendian,… eta gorputzak zein buruak atseden eske. Gu ere bagoaz oporretan, indar-berrituta bueltatzeko konpromisoarekin. Urtero modura, udazken betea datorkigu eta abiada hartzeko prest gaude.

 

Ikasturte hasiera

Irailean abiatuko dira ikasturte osorako martxan jartzen diren egitasmoak. Aisialdi programak, ludotekak, gaztetxokoak, ikastaroak,… Herriz-herriko mintzalagun, berbalagun, solaslagun eta mintzakideak taldetan batzen hasi aurretik baina, izen-emate kanpainak egingo dira han-hemenka. Iraila amaitu aurretik aurkeztuko da Topaguneak eta hainbat herritako euskaltzaleen elkarteek bultzatutako kanpaina (bideoan iazkoa).

Auzoko programaren ikasturte berria hasiko da irailean. Azken urtean 11 herritan egon da martxan egitasmoa eta hedatzen jarraitzeko asmoarekin jarraitzen dugu hizkuntza eta kultura aniztasuna euskaratik bizitzea helburu duen egitasmo eraginkorra baita.

tosta2016Irailean aurten ez-ohiko hitzordu bat izango dugu. Donostia 2016 ekimenaren baitan Tosta egitasmoan Europako beste hizkuntza komunitate batzuetako eragileekin batera elkarlanean dihardugu azken urtean. Udaberrian zazpi kultur sortzailek sormen-egonaldiak egin dituzte eta maiatzetik elkartrukea jaialdi ezberdinetan aurkezten ari da Europan zehar. Irailaren 22tik 25era Errenterian izango dugu Euskal Herriko jaialdiaren txanda. Bertan ospatzen den Atlantikaldia jaialdiarekin batera Tosta-herrixkan egitarau betea izango da.

 

Herriz-herri

Euskaltzaleen mugimenduak ere hitzordu ugari izango ditu herriz-herri. Mugimendu bizia da euskaltzaleen topaguneena, hamaika ekimen aldi berean martxan dituena eta ezinezkoa da denak aipatzea, baina lau adibide gogora ekarriko ditugu.

maratoia_armairuaLau urtean behin Lasarte-Oriako Ttakun elkarteak antolatzen duen Euskararen Maratoiak bederatzigarren edizioa izango du aurtengo urrian (22 eta 23an), erronka berri batekin gainera: aurten 40 orduak 40 egun bihurtuko dira (horretarako prestatzen ari dira Lasarteko Ahobizi eta Belarriprest guztiak).

Gasteizen gogoeta prozesua egingo dute euskaltzaleek GEU elkartearen ekimenez. Elkartearen bilakaera eta etorkizuna izango dute gogoetagai urria eta azaroa artean egingo den “Zeu zara GEU” gogoetan.

Bazkidetza kanpainak egingo dituzte hainbat euskaltzaleen topagunek han-hemen. Bergara, Derio, Iruñea, Deustu,… hainbat euskaltzaleen elkarte ari dira bazkidetza kanpainak prestatzen.

Urteurrenak ere ospatuko dituzte zenbait elkartek. Soraluzeko Pil-Pilean elkartea 20. urteurrenaren ospakizuna prestatzen dihardu adibidez. Donostiako Bagera elkarteak ere 25 urte beteko ditu aurten.

Urtero modura, azaroan Getxoko Egizu elkartea europa osoan egiten den “Bizilagunak” ekimenera gehituko da, SOS Arrazakeria eta herriko zenbait eragilerekin batera.

Adibide batzuk besterik ez dira, batzuk urteroko dinamikan ohikoak, beste batzuk bereziak; baina beste asko ere aipa genitzake.

 

Euskarak 365 egun ekimenak hainbat herritako plazak hartuko ditu aurtengo udazkenean ere. Plazetatik hasita euskaltzaleek herri euskalduna egitera deituko ditugu, egitetik ekitera eta ekitetik egitera.

Kultur ekimenak

IrudieneaUdazkenean euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntza eta hedapenerako hitzordu ugari egoten da urtero. Lekeition egiten den Euskal Zine Bileran (aurten urriaren 16tik 23ra egingo dena) Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Benito Ansola sarietan iaz irabazi zuen proiektua (Lehioak izenekoa) aurkeztuko da. Gainera, Topaguneak antolatutako bi ekimenek Durangoko Azokan izango dute aurten ere bere gunea: Irudienea gunean urtean zehar aurkeztutako euskarazko ikus-entzunezkoak gozatu ahal izango dira; egun horietan gainera, Kameratoia ikus-entzunezkoen rallyaren 12. edizioa ospatuko da.

Udagoieneko Osteraren 17. edizioa euskarazko kultur sorkuntzaren puntako proposamenak eroango ditu Bizkaiko hainbat aretotara. Urrian ezagutuko da aurtengo egitaraua.

 

Jardunaldiak prestatzen

Udazkenetik harantzagokoak ere prestatzen hasiak gara eta udazkena hortan emango dugu. Urtarrilean Topaldia egingo dugu, euskaltzaleen mugimenduarentzako gogoeta eta esperientzia trukerako baliatu nahi izaten dugun urteroko zita. Udazkenean aurreratuko dugu urtarrileko Topaldiaren gaia eta egitaraua zein izango den.

Tokikom toki komunikabideen bateragunea ere jardunaldiak prestatzen ari da azarorako.

 

 

Udazken betea izango dugu beraz. Erantzunetan zuen ekimenen berri ere ematera gonbidatzen zaituztegu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude