Ermuan bagara! aldarrikatu dugu

(Ermuko Euskal Birusa euskaltzaleen topagunearen kronika)

Maiatzaren 28an, 12 ordu eta erdiz Ermuko erdigunea euskaraz bete genuen. Gure helburuak bete ziren, jai giroan Ermuan bagarela aldarrikatu genuen. Egun jendetsua eta parte hartzailea izan zen, adin guztietako jendea eta esparru ezberdinetakoa bildu baitzen plazan.

ermuanbagara_argazkia

Goizean kirolek, ikastaroek, mintzodromoak plaza bete zuten. Euskaldun berriek ere beraien tartetxoa izan zuten, beraien omenez plaza berri bat inauguratu zelako. Musikariek kaleak alaitu zizkiguten eta eguerdi partera ekitaldi nagusirako plaza jendez lepo egon zen. Aldarrikapenaren irakurketa hunkigarria izan zen, 12 hizkuntzatan Ermuan bagarela aldarrikatu genuen eta ondoren flashmob jendetsuan herria dantzan jarri genuen.

Bazkarian 240 lagunetik gora elkartu ginen, eguraldia lagun genuela, giroa aparta izan zen. Arratsaldean, bertsolariek eta dantzek girotu zuten plaza, Ermuan kantuan ere jendetsua izan zen aspaldiko partez, eta bukaera herriko taldeen kontzertuekin eta erromeriarekin heldu zen.

Hiru txapliguk eman zioten amaiera egunari, hiru omendu: euskaldun berriak, euskaldun zaharrak eta Ermua herria bera. Egun borobila izan zen, poza nabari zen guztion aurpegietan, hori izanik egunean zehar gehien errepikatu zen hitza.

 

ERMUAN BAGARA

Ermuko euskaltzaleen sarea, egunez egun ehuntzen doan sarea.

Duela bi urte elkartu ginen hainbat norbanako eta hainbat elkartetako kide, Lobianon, euskararen

inguruan genituen kezkez berba egiteko. Hausnarketa egin ostean ondorioztatu genuen Ermuko

euskararen egoera hobe zitekeela eta horren ardura, guztiona dela, herritar, kolektibo, udal,

eskola….

Eta horretan dihardugu eta jarraituko dugu.

Lorea Agirreren hitzetan:

Euskararena ez da kontu pertsonal bat: txokokoa, partikularra, etxekoa.

Euskararena ez da norbanakoaren kontua, nirea, zurea, beste harena.

Euskararena hiztunon auzia da, herritar guztion auzia da.

Euskara plaza publikoan jokatzen da, plazan eta euskaraz harilkatzen da elkarbizitza, bizikidetza.

Eta gaur hemen gaude ermuarrok, plazan eta euskaraz: hitz egiteko, elkar ulertzeko, gozatzeko,

konpartitzeko

Hizkuntzak ditugu komunikatzeko bideak, elkartasunerako bideak, eta gaur, hemen, euskarak

batzen gaitu ermuko hiztun guztiok. Ermuan bagara. (10 hizkuntzatan)

Ondo pasatu, disfrutatu eta euskaraz bizi!

ermuanbagara_mezua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude