Jalgi: kultur ekitaldien programa bat baino gehiago

Jalgi euskal kulturaren plaza ibiltariaren lehen edizioak badu programa. Laudion aurkeztu da eskualdeko kulturzale, eragile eta erakundeen aurrean, maiatzaren 23tik 29ra eskualdeko bederatzi herriak kulturaz bustiko dituen ekimenaren programa.

Argazkia: Jon Catalan (Aiaraldea Komunikazio Leihoa)

Argazkia: Jon Catalan (Aiaraldea Komunikazio Leihoa)

Askotariko kultur jarduerak, askotariko guneetan eskainita eta kulturzaletasuna zabaltzeko helburuz osatutako programa izango da Jalgik eskainiko duena. Euskarazko kultur sortzaile ezagunak eta hasi berriak, Euskal Herri osoan erreferentzia direnak eta eskualdekoak, denek izango dute lekua Jalgiren lehen edizioan. Xabi Solano, Pantxika Telleria, Miren Amuriza, Asier Altuna, Gorka Urbizu, Izar Mendiguren, Andoni Egaña, Irantzu Lekue, Hika Teatroa, Anari,…. asko eta askotarikoak egingo dituzten eskaintzak. Aiaraldeko bederatzi herrietara helduko da Jalgi, baina gainera ohiko kultur jardueren espazio eta ordutegiez gain, ez-ohiko eskaintzak, ez-ohiko guneak eta ez-ohiko ordutegiak izango dituzte hainbat eskaintzek. Transmisioa eta ikusgarritasuna lantzeko proposamena egin nahi izan du Jalgik eta horixe izango dira eskaintzaren ardatzak.

Egitarau osoa Jalgiren webgunean dago ikusgai.

Kultur jarduerez gain, gogoetak ere izango du lekua Jalgin. Maiatzaren 26 eta 27an kulturaren komunikazioa eta transmisioa izango dira aztergai Amurrioko Refor gunean egingo diren jardunaldietan. Laudioko aurkezpena baliatu da jardunaldien berri emateko eta programa aurkezteko. Gogoeta orokorrak baino, proposamen zehatzak aztertu nahi dira jardunaldiotan. Hizlarien artean izango dira Gorka Bereziartua, Aritz Martinez de Luna, Ane Zabala, Iñaki Etxeleku, Mertxe Mugika, Lore Erriondo, Imanol Igeregi, Nekane Goikoetxea eta Manuel Moreno, besteak beste. Gai bakoitza lantzeko 11 hizlari izango dira eta mahai inguru bidez aurrerabide eta proposamenak eztabaidatuko dira.

Izen-ematea zabalik dago Jalgiren webgunean (egitaraua bertan ikusi daite)

jalgi_kartelaHilabete luzeetako lanaren emaitza izango da Jalgiren lehen edizioa. Lehen urte honetan eskualdeko Aiaraldea Komunikazio Leihoaz gain EHAZE, Ahotsenea, Bertsozale Elkartea eta Euskaltzaleen Topagunea aritu dira antolakuntzan, beste eragile eta erakunde askoren babes eta laguntzarekin.

Laudioko Lamuza frontoian egindako aurkezpenean eskualdeko zenbait sortzailek Jalgin eskainiko dutenaren aurrerapena eskaini dute. Uluka musika taldeak, Mikel Ayllon idazleak eta Igor Arzuaga musikariak zuzeneko emanaldiak egin dituzte. Aurkezpenean Ahotseneako Gotzon Barandiaran eta Euskaltzaleen Topaguneko Manuel Morenok Jalgiren aurkezpena egiteaz gain, Maria Rivero egitasmoaren koordinatzaileak programaren zertzelada batzuk azaldu zituen. Laudioko alkate Natxo Urkixo eta Aiarako kuadrillako presidente Ander Añibarrok eskualdeko udal guztien izenean hartu dute hitza.

2016_Laudio_Jalgi_aurkezpena

Argazki albuma: Jon Catalan-en argazkiak Aiaraldea Komunikazio Lehioarentzat (cc-by-sa 2.0)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude