Autokritika eta inurri-lana

 

Euskal Herriko poeta
kanposantuko tronpeta
hil kanpaiari tiraka eta
hutsari kolpeka

 

Aitortuko dizuet apur bat aspertzen nautela azkenaldian euskalgintzaren gainean entzuten diren kritika batzuek. Eta ez da kritikari aparteko beldurra izateagatik, ez. Mugimendu euskaltzaleak baditu ajeak, bai, baina autokritika gaitasuna ere handia (batzutan ia-ia gure burua zigortzerainokoa). Azken urteotan autokritika ariketa ugari egin dira gure mugimenduan. Osasungarria eta beharrezkoa den ariketa, atzera begira egindakoa aztertu, egindakotik (eta egin ez ditugunetatik) ikasi eta estrategiak berrikusi. Beste gizarte mugimendu batzuei begiratu eta ikasi.

Baina euskalgintzaren gainean etengabe hil kanpaiei tiraka eta kanposantuko tronpetak jotzen aritzekoa kirol nazional bihurtu da batzuentzat; txisteak egiteko aitzakia merke eta kritika errazerako (eta sarri errazkeriarako) lurzoru. Gutxi behar da horretarako: iritzi-emale trajea jantzi, bekokia apur bat zimurtu eta 140 edo 5.000 karakteretan gezia jaurti.
Kuriosoa da, baina kritika horiek hirugarren pertsonan egiten dira sarri; hirugarren pertsonan eta kilometro batzuetako distantziatik, badaezpada: “euskalgintzak ezin du…”, “etsituta daude…”, “euskalgintza tristea da…”, “.. ausardia falta zaio…”, “…lotura ekonomikoak ditu…

Eta barkatuko didazue, baina kezka eta ardura guztiak baztertu gabe, zorionez, egunero beste errealitate bat ere ikusten dugu guk:
Ikusten ditugu…

  • 6.000 lagun astero-astero talde txikietan biltzen direnak elkarri euskara emateko, eta horrela, sare berriak, gune berriak eta hiztun berriak irabazten laguntzen dutenak.
  • Badira herriko euskararen egoeraz kezkatuta euskaltzaleen elkarte berriak antolatzen ari diren lagunak. Iaz Hondarribin sortu zena edo aurki Diman aurkeztuko dena, adibidez.
  • Herritarrei gertuko albisteen berri emateko orduak eta desorduak eskaintzen dituzten langile finak ere barra-barra, eskualde batzuetan euskarazko aldizkaria irakurriena izatea astero-astero lortzen dutenak.
  • Euskaratik urrunago bizi direnak gurera hurbiltzeko zubi lana egiten ari diren boluntarioak ere non-nahi daude, gizarte euskalduna amesten dugunon eta gure komunitatea ezagutu ere egiten ez dutenen arteko harremana eta laguntasuna josten ari direnak.
  • Aisialdiko denbora besteei eskaintzeko prest dauden gazte kuadrillak ezagutzen ditugu… euskaraz gozamenerako guneak eta uneak sortzen ari direnak.
  • Hezkuntzan, kirolean, kulturan, enpresetan, euskaltegietan edo erakundeetan euskara txokotik erdigunera ekartzen makina bat lan egiten duten profesional militanteak eta boluntario militanteak.

 

Eskuzabaltasuna eta maitasuna. Horiek dira mugimendu euskaltzalean herriz-herri aurkitzen duguna. Autokritikari izkin egin gabe, baina gizartea aldatzeko inurri lanean, guneak sortzen, harreman sareak ehundu eta zabalduz.

Nork esan du euskaraz biziko den gizartea 2-3 urtetan lortu daitekeen erronka dela? Inork uste ahal du “arrazoia dugulako” lortuko dugula mende askotako zapalkuntza egoera iraultzea? Lege pare bat aldatuta eta “euskaraz bizitzeko eskubidea dugu” esanda 10 urtetan Euskal Herria euskaldunduko genuela sinestu ahal genuen?

Guztia ekintza politiko den garaiotan, milaka lagun politika euskaltzalea egiten ari da herriz-herri, auzoz-auzo.

Etsipena sortu nahi digutenei nahikoa dela esateko garaia da. Euskararen herria eskala txikitan ere sortzen da eta sortzen ari gara. Ez dugu jende tristearentzako lekurik; ideiak eta bizinahia bor-bor ditugunok batzen eta ekiten jarraituko dugu. Iritzi eta kritikak eskertzen dira, eta ate zein besoak zabal-zabalik ditugu zerbait eskaini nahi dutenentzako ere.

Autokonplazentziarik gabe, baina.. gora bihotzak, kopon!

 

(Info 7 irratiko Gureaz Blai saiorako Iker Martinez de Lagosek egindako testua)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude