Aniztasunean euskaraz bizitzeko aldarria egin zuten larunbatean Oñatin

Auzoko jaia 1

Auzoko egitasmoa martxan duten herrietako parte hartzaileen bilgune eta herriz herri egiten ari diren lanaren lekuko izan zen Oñatiko plaza larunbatean. Jatorri ezberdinetako herritarrek, bizi dugun aniztasuna kontuan hartuz euskaraz bizitzeko borondatea erakutsi zuten jaira gerturatu ziren oñatiarren babesarekin.

Jaiari hasiera emateko, ongi etorri ekitaldia burutu zuten herriko plazan. Nerea Zubia Euskara zinegotziak hartu zuen hitza lehenik eta ondoren, Auzoko egitasmoa martxan duten hainbat herrietako parte hartzaileek, beren jatorrizko hizkuntzan eta euskaraz eman zieten ongi etorria bertaratutako guztiei.

Plaza guztia jolasean jarri zuten ondoren, egitasmoaren baitan burutzen diren aurkezpen dinamikak ezagutzeko. Horrela, elkarrekin berri izateko aukera eskaini zitzaien guztiei. Talde handietan banatuta, elkarrekin jolasean aritu ziren euskaraz dakitenak eta hizkuntzara gerturatzen ari direnak. Haurrek ere bere txokoa izan zuten  Oñatiko gaztelekuko kideekin.

Jatorri ezberdinetako janari dastatzea egin zuten ondoren plazan bertan, Auzokon parte hartzen duten kideek prestatutako plater bereziekin.  Bitartean, euskal kantu eta dantzez gozatzeko aukera izan zen aurtengoan, hainbat oñatiarren ekarpenari esker. Iazko arrakasta errepikatuz, aurten ere plaza dantza saio ireki batekin bukatu zen Auzoko Jaia.

Mila esker parte hartu zenuten guztiei!

Auzoko Jaia 2016

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude