TOKIKOMen Batzar Orokorrak bi bazkide berri onartu ditu

Astiro bada ere, urratsez urrats hazten eta egonkortzen doa TOKIKOM, toki komunikabideen bateragunea. Joan den astean Eibarren egindako Ohiko Batzar Orokorrean, bi bazkide berri onartu eta -lehen aldiz 2012an eratu zenetik- balantze ekonomiko positiboa aurkeztu zuen Euskal Herri osoko euskarazko toki komunikabideak batzen dituen sozietateak. 2016rako ekintza plan trinko eta mamitsua ere onartu zuten bazkideek Batzarrean.

Kontuak orekatzen

2015eko ekitaldi ekonomikoa emaitza positiboekin itxi du lehenengoz TOKIKOMek, lehen aldiz 2012an eratu zenetik. 13.000 euroko etekina aurreko urteetako emaitza negatiboa orekatzeko bideratu du sozietateak. Datozen urteotarako erronka garbia ere badu sozietateak: diru-laguntza publikoen beharra murriztea, gaur egun %70etik gorakoa den autofinantzazio maila areagotuz.

Eibarko Markeskua Jauregian egin du TOKIKOMek 2016ko Batzar Orokorra

Eibarko Markeskua Jauregian egin du TOKIKOMek 2016ko Batzar Orokorra

Bazkide berriak

Bazkide berriak ere onartu ditu TOKIKOMek, toki komunikabideen sarea osatuz eta trinkotuz:

  • ARABAKO ALEA: 2015ean Geu Elkarteak, Goienak eta Berriak, Aiaraldea.eus-en lankidetzarekin sortutako astekariak, Araba osoa kubritzen duenak, 2016 hasieran eman du jauzia digitalera, TOKIKOM Plataforma erabiliz, eta Gasteizko informazioa ematen zuen Hirinet ataria bere baitan integratuz. Hirinetek zuen TOKIKOMen bazkidetza ere bere egin du Aleak, eta bazkide izatera pasa da haren ordez.
  • GEURIA: 2015eko urrian Bizkaiko Hego Uribe eskualdean sortutako hilabetekariak ere jauzi kualitatiboa egin du 2016an, eskualdeko udalekin hitzarmenak eginez bere presentzia indartze aldera, eta TOKIKOMeko sarearekin bat egitea ere erabaki du. Basauri, Galdakao, Arrigorriaga, Zaratamo, Ugao eta Etxebarriko informazioa ematen du Geuriak, eta TOKIKOMen ikuspegitik aurrerapausu interesgarria da Bizkaiko estaldura handitze aldera.

Jardueran ere, hedatzen eta egonkortzen

Jarduera mailan ere, TOKIKOMek gero eta definituago du zein den bere zeregina eta lan ildo-nagusiak:

  • Teknologian: TOKIKOM Plataforma eta Aplikazioen garapen eta hedapena, zerbitzu eta produktu osagarriak garatzea, tokiko merkatariekin elkarlanean jardutea…
  • Kudeaketan: Kudeaketa aurreratuan sakontzea, eskaintza komertziala bateratzea formatu analogiko eta digitaletan, prestakuntza trinkoa eskaintzea…
  • Solaskidetzan: TOKIKOM marka zein bazkideena ere indartzea, erakunde publiko eta pribatuekin solaskidetza bateratua, tokikoen lana balioan jarri eta gizarteratzea…

Laburbilduz, esan daiteke 2015 urte ona izan dela TOKIKOMentzat, eta pixkanaka bada ere, lortzen ari dela toki komunikabideentzako zerbitzu eta balio erantsia eskaintzea. 2016 ere proiektu berriz kargatuta datorrenez, lanik behintzat ez da faltako!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude