Uxue Arzelus da Tosta proiektuan Galesen sei asteko egonaldia egiteko hautatutako artista

Uxue Arzelus (Donostia, 1989) ikus-entzunezko sortzaileak sei aste igaroko ditu Galesen, martxoa eta apirila bitartean. Tosta proiektuaren baitako egonaldian, bertako hizkuntza komunitatean murgildu eta dokumental labur bat osatuko du.

Uxue ArzelusSortzailearen helburua, euskara eta gales hiztunak elkartuko dituen ikus-entzunezkoa sortzea da. Belaunaldi, sexu, arraza, ikasketa zein hizkuntza maila desberdinetako pertsonak elkarrizketatuko ditu, hizkuntza hauen erretratu bat egiteko. Era berean, hiztunen hitz kuttunak, gorroto dituztenak, haientzat garrantzitsuak direnak, ezagutzen ez dituztenak eta abar bilduko ditu dokumentalean, hiztegitxo bat sortuz. Horretarako, aldez aurretik Euskal Herrian ere egingo ditu grabaketak. Irudiarekin eta hitzarekin lotutako arte diziplinetako sortzaileei luzatutako deialdira 8 lan aurkeztu dira guztira.

Uxuek hainbat lan egin ditu zuzendari eta gidoilari moduan, eta 2014an lehen saria eskuratu zuen “Euskaraz bizi nahi dut” film laburren lehiaketako amateurren atalean. Bestalde, zine kritikak idazten ditu zinea.eus atarian, eta Irutxuloko Hitzako Loretopetik zutabean idazten du. Gaur egun, bere lehen film luzea idazten ari da.

Tosta proiektuak Europa Atlantikoko hainbat hizkuntza komunitate biltzen ditu (Gales, Kornualles, Eskozia, Irlanda, Frisia, Galizia eta Euskal Herria). Udaberrian, komunitate bakoitzak sortzaile egonaldi bat antolatuko du, eta Euskal Herrira Eskoziako artista bat etorriko da. Uxue Arzelusen eta gainontzeko sortzaileen lanak hizkuntza komunitateotan udan izango diren jaialdietan egongo dira ikusgai. Informazio gehiago tosta2016.eu atarian aurki daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude