Galesen sei asteko egonaldi baterako sortzaileentzako deialdia zabalik

tosta

Europa Atlantikoko zazpi hizkuntza komunitatetako eragileak batu gara Tostan.

Donostia 2016k eta Euskaltzaleen Topaguneak Tosta proiektuaren baitan gauzatuko den sortzaile egonaldi baterako deialdia ireki dugu. Aukeratutako sortzaileak sei aste igaroko ditu Galesen, 2016ko udaberrian, bertako hizkuntza komunitatean murgilduta.

Tosta proiektuak Europa Atlantikoko hainbat hizkuntza komunitate biltzen ditu. Egitasmoaren helburuak, Europako hizkuntza eta kultura txikien inguruan kontzientziatzea, eta artistak nazioartean lankidetzan aritu daitezen aukerak sortzea dira. Egiteko horretan, komunitate bakoitzak artista bat bidali eta beste bat hartuko du udaberrian. Eta uda garaian, herrialde bakoitzean bizpahiru eguneko jaialdiak izango dira.

Deialdia, irudia eta hitzarekin lotura duten arte diziplinetako sortzaileei zuzendua dago; hala nola, ikus-entzunezkoak (bideoa, animazioa, film laburrak eta abar), komikiak edo bestelako ikus arteak (ilustrazioa zein argazkigintza, esate baterako). Euskal Herri osoko sortzaileek har dezakete parte, eta lana egiteko gaia Europako hizkuntza aniztasuna eta hizkuntza gutxituak izango da.

Arte egonaldia 2016ko martxoaren 14tik apirilaren 24ra bitartekoa izango da, Galesen. Tarte horretan, sortzaileak gales hiztunen errealitatea ezagutu eta komunitatean txertatzeko laguntza izango du. Egonaldiko aurrekontua eta baldintza zehatzak deialdian aurki daitezke.

Sei aste horietan, sortzaileak proiektua amaitu beharko du, eta udan zehar Europako hainbat herrialdetan izango diren Tosta jaialdietan erakusgai egongo da.

Proiektuak aurkezteko epea abenduaren 30ean bukatuko da. Horretarako, deialdia irakurri, eranskina bete eta kultura@topagunea.org helbidera bidali behar da.

Deialdia eta eranskina: http://dss2016.eu/eu/diru-laguntzak/contra/96

2 comments for “Galesen sei asteko egonaldi baterako sortzaileentzako deialdia zabalik

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude