Topa Eguna eta Lasarte-Oriako Euskal Jaia urriaren 17an

Txintxarri.eus-etik hartutako berria eta argazkiak (Txintxarri cc-by-sa)

 

Lasarte-Oriako Villa Mirentxun egin da urriaren 17an herrian izango den Euskal Jaiaren aurkezpena. Aurtengoan berezia izango da izan ere, Euskaltzaleen Topagunearekin batera Topa Eguna ere ospatuko da. Horrela, herriko jaiaren baitan, Euskal Herri osoko euskalgintzak bere lekua izango du.

topaeguna_lasarte_aurkezpena1Sonia Perez Topaguneko ordezkariak esan bezala, Topa Eguna Azkoitia, Soraluze eta Deriotik pasa ondoren, Ttakun elkartearekin elkarlanean Lasarte-Orian egingo da. “Lasarte-Oria aukeratu dugu erreferentzialtasunagatik, batetik, Ttakunek mugimenduaren barruan duen lekuagatik, aitzindari izan zelako Topagunearen sorreran, baita herriak berak duen herrigintza dinamikagatik ere”.

Topa Egunak euskaltasunaren aldarria egin eta euskaraz bizitzearen alderdi onak agerian ipini nahi dituen jaia izatea nahi dugu”. Esperientzien Trukegunea Villa Mirentxun egingo da larunbatean 11:00etatik aurrera eta bertan elkarte ezberdinek 15 minutuko azalpenak emango dituzte aurrera daramatzaten proiektu jakinen inguruan.

Ttakunen izenean Naiara Mujikak Euskal Jaiaren egitaraua azaldu du. Hau urtero bezala, herriko eragile, babesle eta laguntzaileei esker gauzatu dela azpimarratu nahi izan du.

Urriaren 17an goizean goizetik hasita diana batekin alaituko dituzte musikariek Lasarte-Oriako kaleak. Jarraian, Trukegunearekin paralelo, Zumaburutik erdigunera abiatuko den kantu dantza jira txikia izango da 11:00etan.

Okendo plazara iritsita, ogi etorri ekitaldia ospatuko da. “Jai giroan kantuaz eta dantzaz gozatzeko aukera izango dugularik. Era berean, Joseba Ostolaza eta Jokin Eizmendi harri jasotzaileak erakustaldi bat egingo digute, Okerra harria plazara aterako dute berriro ere. Ekitaldi honi amaiera emateko plazan bildutako guztiekin topa kolektibo bat egingo dugu”.

14:30ean bazkari herrikoia izango da, herriko sukaldariek eginda. Honetan parte hartzeko, txartelak Jalgin eta Ttakunen salgai daude 8 eurotan.

Ondoren, haur eta gaztetxoentzako jolasen tartea izango da. Jarraian, Topa Egunaren ekitaldi nagusia ospatuko da 16:30ean. Bertan, Topaguneak hartuko du hitza, Topa Egunaren zergatia azaltzeaz gain, hurrengo urtean antolatzailea izango den Atarrabiko kultur elkarteari Ttakunek,  lekukoa pasatuko dio.

topaeguna_lasarte_aurkezpena2Egunarekin aurrera eginaz,“Ane eta Piraten” ikuskizuna izango da 17:00etan. Jai giroa ez gelditzeko, Oaintxe in deu! txarangarekin kaleak alaituz, Eztengiroren erromeriari emango zaio hasiera. Era beran, egitarauari amaiera emateko, herriko taberna desberdinetan pitxo potea egiteko aukera izango da: Abend, Arkupe, Buenetxea, Sancho, Trumoi, Yolanda taberna, Txanpa, Artizar, Gure Etxea, Ilargi, Iñaki Taberna, Jalgi, Insausti eta Avenida.

Eguraldi txarra eginda, Okendoko ekintzak Loidi Barrengo frontoira pasatuko direla argitu du Mujikak. Amaitzeko, herritar guztiei jantzi tradizionalak hartu eta plazara gerturatzeko gonbita luzatu die.

Udalaren laguntza

Jon Antxordoki euskara zinegotziak ere hitza hartu eta udalaren babesa adierazi die Ttakun eta Topaguneari. Ekintzak antolatzeko diru laguntzaz gain, azpiegituran beharrezkoak direnak ere eskura jarriko dituztela aipatu du. Honek ere bi jai hauek gurean bat egitea ohorea dela esan du.

Aurreko ekintzak

Aipatu behar da, Topa Eguna eta Euskal Jaiaren egitarauaren baitan sartzen direla datozen egunetako hainbat ekintza. Horrela bihar Jakoba Errekondok Kultur etxean emango duen hitzaldia izango da lehena, hau doan da eta 19:00etan hasiko da.

Astelehenean, ‘Koka-Kola eta Barea’ antzezlana izango da Abend-en 19:00ean eta sarrerak salgai daude Jalgi eta Abend-en 5eurotan. Asteazkenean berriz, euskalgintzaren azken 50 urteen errepasoa egiten duen ‘Berrikasi eta berrikusi’ azterketaren gainean euskalgintzako hainbat eragileren arteko mahai ingurua izango da Villa Mirentxun 18:30ean.

 

 

Lotura interesgarriak:

topaeguna_botoia_bazkaria topaeguna_botoia_trukeguneatopaeguna_botoia_egitaraua

1 comment for “Topa Eguna eta Lasarte-Oriako Euskal Jaia urriaren 17an

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude