Herria plazan Lasarte-Oriako TopaEgunean

Giro aparta izan da Lasarte-Orian ospatu den TopaEgunean. Ttakun euskara elkarteak antolatutako Euskal Jaiarekin batera ospatu da aurtengo euskaltzaleen elkarteen jaia eta horregatik, jantzi tradizionalak nagusi izan dira plazan bildutako lagunen artean.

22244048392_af040daa95_mGoiz goizetik ekin zaio egunari Lasarte-Oriako txistularien dianarekin eta ondoren, kantu-dantzajira txikia egin dute herriko gaztetxoenek. Bitartean, Mirentxuenea etxera bildutako euskaltzaleen elkarteetako kideek bost egitasmo ezagutzeko aukera izan dute, ideiak eta esperientziak trukatzeko antolatutako gunean.

Getxoko Egizu elkarteko kide batek ekin dio trukeguneko saioari, Getxon eta Donostian aurreko ikasturtean martxan jarritako Mintzakuadrillak egitasmoa aurkeztuz. Gazteen artean mintzapraktika bultzatzeko ekimenean 80 gazte batu dira Getxon azken hilabeteetan. Bizkaiko zenbait herritan errotuta dagoen ekimenaren berri eman dute ondoren Mungiako Txokolo elkarteko kideek: Berbaprobak. Hizkuntzarekin jolastea eta inguruko esapide eta esaerak ezagutzea xede dituen lehiaketan herriko kuadrillek parte hartzen dute. Aurkeztutako hirugarren egitasmoa Geu elkarteak Gasteizen martxan duen “Igandeak jai, familia giroan euskaraz” ekimena izan da, aisialdia eta familia transmisioa uztartzen dituen egitasmoa. Oinherri ekimena aurkeztu dute ondoren bi kidek, hainbat eragilek sortu eta martxan jarri duten haurren egitasmoa. Haurren parte hartzea oinarri duen Oinherrik orain arte egin duen ibilbidea azaldu dute. Azkenik, Bergarako Jardun elkarteko kide batek 3, 2, 1,… Jardun! gogoeta prozesua aurkeztu du, elkartearen 25. urteurrenean Jardun-en etorkizunaren inguruan herritarrekin egindako gogoeta prozesua.

22069608628_35b488f89a_mBitartean, ospakuntzak hartu du plaza. Harrijasotzaileek saioa egin dute eta tartean Lasartearrentzat berezia den Okerra harria altxatzeko saioa egin dute Aimar Galarraga eta Joseba Ostolazak. Ondoren, eguerdiko ospakizunak kantuz eta topa handi batekin burutu dira.

Bazkaldu ondoren, haurrek jolas eta herri-kirolekin gozatzen zuten artean, ekitaldi nagusia egin da. Elena Lakak hartu du hitza Euskaltzaleen Topagunearen izenean, Lasartearrei eta bereziki Ttakun elkarteko kideei eskerrak emanez eta euskaltzaleei plaza hartzeko deia eginez. Ttakun elkarteko lehendakari Tomas Arrizabalagak TopaEguna antolatzeko lekukoa Nafarroara pasa zuen ondoren, Atarrabiako Karrikaluze elkarteko ordezkariei, hain zuzen. Txalaparta bat eman die Lasartearrak Atarrabiako lagunei oroigarri modura, ttakun-ttakunaren soinua Nafarroara eta Euskal Herri osora hedatuz. Ekitaldiari Soraluzeko Pil-Pilean elkarteko lau kidek eman diote bukaera, duela bi urte sortutako abestia kantatuz.

22244291702_0835a5321d_mEkitaldiaren ondoren, plaza bete-betean, jaiak hartu du herria eta musika eta dantza bihurtu dira protagonista. Porrotx eta Ane Piratak Lasarteko herri eragileak eta baita Topagunekoak ere dantzara gonbidatu dituzte bere kantuekin eta Okendo plazako oholtza gainetik ehunka lagun pasa dira. Izan ere Ttakun elkartea, Zabaleta auzolan, Erketz EDT, AEK eta Solaskideak, Ttirriki Ttarraka, Xumela korua, Kukuka Antzerki eta dantza eskola, Jalgune elkartea eta Topaguneko lagunak izan dira oholtza gainean. Ondoren Oaintxe ein deu! txarangak eta Eztengiro erromeria taldeak alaitu dituzte herriko txoko ezberdinak.

Jai egun luzea izan da eta Lasarte-Oriako eragileek erakutsi dute herrigintza bizia dagoela herrian. Plazerra izan da beraiekin batera egun batez bizitzea!

 

Informazio gehiago

Eguneko kronikak Txintxarri.eus-en aurkitu ditzakezue:

Argazkiak:

 

Txintxarriko lagunek grabatu dute arratsaldeko ekitaldiko bideoa:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude