Mintzalagunek “zurekin” hitz egin nahi dute

Gaur aurkeztu ditugu 2015-2016 ikasturteko Mintzapraktika egitasmoak Euskaltzaleen Topaguneak eta GEU euskaltzaleen elkarteak.
Aurtengo izen emate kanpainaren helburua da, euskarari ekarpena egiteko kontzientzia duten hiztun onak mintzalagun egitasmoetara erakartzea. “Praktikatu behar dutenei laguntzeko”, Manuel Moreno Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariak prentsaurrekoan aipatu duenez.

GEU euskaltzaleen elkarteko Zuriñe Etxeberriak azaldu duenez, mintzalagunek bi helburu nagusi betetzen dituzte egitasmoetan: “batetik, beren hizkuntza gaitasuna hobetzen dute, hizketarako jariotasuna lortu eta lotsa galtzen dutelarik; eta bestetik, inguruko euskaltzaleei euskaraz bizitzen laguntzen diete, euskararen aldeko ekarpena eginez”. Guztia, astean ordubeteko ahaleginarekin.
Orokorra_webIzan ere, Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin elkartzen dituzte, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko. Bospasei lagunek osatutako talde txikiak dira, eta astean behin biltzen dira. Berbalagun, mintzakide edo solaslagun izena ere hartzen dute, besteak beste, eta ia Euskal Herri osora hedatu dira. Parte hartzeko baldintza bakarrak euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez batzeko konpromisoa hartzea dira.

Aurreko ikasturtean 6.000 mintzalagun baino gehiago elkartu dira Euskal Herri osoan hedatuta dauden egitasmoetan. Izen emateak gora egiten du urterik urte, eta hastear dagoen ikasturtean kopurua handitzeko bidean daude Mintzapraktika egitasmoak.

Gaurko izen emate kanpainaren aurkezpenean Manuel Moreno eta Zuriñe Etxeberriarekin batera Lurdes Lekuona Gasteizko mintzalagunak eta Garoa Santocildes Gorbeialdeko mintzalagunak ere hartu dute parte.
Mintzalagunek prentsaurrekoan adierazi dute berbalagun taldean aisialdiaz euskaraz gozatzen dutela, eta horrela, lagun giro euskalduna osatzen dutela. Egitasmoen azken helburua, hizketarako aukera emateaz gain, kideek beren egunerokoan euskaraz aritzeko saltoa ematea da.
Guztira, 22 herri eta eskualdek hartu dute parte kanpainan, baina Mintzapraktika egitasmoetan parte hartzeko deia Euskal Herri osora hedatu nahi u deialdiak. Ondoko herrietan zabalduko da:

Arabako Errioxa, Arabako Mendialdea, Aretxabaleta, Arrasate, Baztan/Bortziri/ Malerreka, Bergara, Deba, Donostia, Elgoibar, Eskoriatza, Gasteiz, Getxo, Gorbeialdea, Hondarribia, Iruñerria, Lasarte, Lizarraldea, Oñati, Ordizia, Orereta, Soraluze, Tolosa.

Prentsaurreko amaieran, Manuel Morenok, mintzalagun egitasmoan parte hartzeko deia luzatu die euskaltzale guztiei, praktikatuz, hizkuntza gaitasunak hobetu eta euskal hiztunak ugaritzen laguntzeko.
Izena emateko beharrezko informazioa, herriko euskara elkartean, euskaltegian, udalean edota mintzalaguna.eus webgunean aurki daiteke.

 

 

2 comments for “Mintzalagunek “zurekin” hitz egin nahi dute

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude